Ekonomia -
Abiadura Handiko Trena
'Euskal Y' trenbideko lanen planifikazioari ezetza eman dio Kongresuak
Lanak amaitzeko geratzen diren azpiegitura eta gainegitura guztien planifikazio zehatza aurkeztea eskatu du EAJk Espainiako Diputatuen Kongresuan.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Diputatuen Kongresuak ezetza eman dio EAJk astelehen honetan aurkeztu duen ekimenari. Horren bidez, 'Euskal Y' trenbidea amaitzeko geratzen diren lan guztien planifikazioa aurkeztea eskatu nahi zion Espainiako Gobernuari. Halaber, Euskadiko erakundeekin batera proiektu hori hitzartzeko asmoa zuten jeltzaleek.
Alderdi Popularrak, Podemosek eta Talde Mistoak ezetza eman diote proposamen horri. Alabaina, jeltzaleek PSOE eta Ciudadanos alderdien zuzenketa batzuk onartu dituzte eta aurkeztutako testua euren babesarekin adostu dute.
Aitor Esteban Diputatuen Kongresuko EAJren bozeramaileak Legez besteko proposamen horri uko egin izana kritikatu du. Era berean, trenbidearen lanak asko atzeratzen ari direla deitoratu du, eta Euskal Y trenbidea 2019an martxan jartzeko ezarri ziren epeak “bete ezinak” direla gaineratu du. Arrazoi horregatik, “lanak amaitzeko geratzen diren azpiegitura eta gainegitura guztien planifikazioa aurkeztea” eskatu du.
Halaber, Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin dituen harremanak hobetzeko konfiantza duela esan du Estebanek.
Legez besteko proposamen horren bidez, Euskal Y trenbidea martxan jarri arte egiteke dauden azpiegitura eta gainegitura lan guztien planifikazioa premia osoz, eta, gehienez, hiru hilabeteko epean, aurkeztea eskatu nahi zuen EAJk.
Gainera, AHT Euskadiko hiriburuetan sartzeko eta Gasteiztik Burgos eta Iruñearekin lotzeko gainegitura eta lotuneak egiteko orduan bertako erakundeekin hitzartzea eskatu nahi zioten Espainiako Gobernuari.
Era berean, Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen berria ados dezala eskatu nahi zion EAJk Espainiako Gobernuari, ‘Bergarako Lotunea’ egiteko lanak eta hiru hiriburuetako sarbide eta geltokiak burutzeko lanak bertako administrazio autonomikoaren ardurapean jartzeko.