Ekonomia -
Lan erreformaren kontra
UGTk eta CCOOk greba orokorra deitu dute irailaren 29rako Estatuan
Hala adierazi dute gaur Madrilen UGTko eta CCOOeko idazkari orokorrek. Haien iritziz, lan erreforma egitasmo "atzerakoia" da, "ez dituelako lan merkatuak pairatzen dituen arazoak konponduko".
Erredakzioa
Lan erreformaren aurkako greba orokorra irailaren 29an egingo dutela baieztatu dute gaur UGTko eta CCOOeko idazkari orokorrek, Ignacio Fernandez Toxok eta Candido Mendezek. Espainiako Gobernuak bihar onartuko du lan erreformaren dekretua.
Madrilen egin duten agerraldian, Toxok eta Mendezek gogor kritikatu dute Zapateroren Gobernuak iragarritako lan erreforma. Haien esanetan, "atzerakoia" da "ez duelako konfidantzarik sortuko" eta "lan merkatuak pairatzen dituen arazoak ez dituelako konponduko".
Lan erreformari esker langileak kaleratzea "merkatu" egingo dela uste dute UGTk eta CCOOek.
Goizean, Manuel Fernandez Lopez Lito UGTren Metal alorreko idazkari nagusiak aurreratu du greba orokorrerako data. Agintari sindikalak azaldu duenez, aldarrikapenerako europar eguna izango da data hori "egoera ekonomiako aitzakia hartuta, ongizate Estatuari eraso egiten ari direlako".
CEOEren jarrera gogor kritikatu du Litok. "Gobernuak epe muga eta dekretu bidezko onarpena iragarri zituenean, negoziatzeko interes gehiagorik ez" zutela uste du eta egun, "presidente horrekin (Gerardo Diaz Ferran) enpresarien elkarte bat barik, ''lobby politiko'' bat " direla gaineratu du.
Mendezen hitzetan, erreforma erregresiboa da, ez du konfiantzarik emango eta lan-merkatuaren arazoak ez ditu konponduko. Bestalde, Toxoren ahotan, erreformak kaleratzeak merkatuko ditu, negoziaketa kolektiboa ahulduko du eta langabeziaren hazkundea ekarriko du, denbora "gutxi barru" bost milioi langabe izan daitezkeelarik.
Gobernuak atzera egiteko aukeraz galdetuta, nahiz eta hori gertatu grebak aurrera jarraituko duela erantzun du Mendezek, "Exekutiboak atzera egingo ez duela ziur gaudelako".
Mobilizazioak
Azaldu duenez, irailaren 29ra bitartean, "bi mobilizazio espaloi handi" izango dira.
Lehenengoa ekainaren 30ean izango da, elkarretaratzeak egingo dituztelako erkidego ezberdinetan greba orokorrari bide emateko.
Bigarrena irailaren 9an izango da, Mendezen esanetan, "sindikatuetako ordezkarien ekitaldi masiboa" egingo dute Madrilen segur aski, irailaren 29ko greba orokorrari begira.
Greba orokorrak Jose Luis Rodriguez Zapatero Exekutiboko buruzagiari eragingo dion galdetu diotenean, "presidenteak bere buruari bultza egiten dio, ez dio inork bultza egin behar", erantzun du Toxok.
Kontaktuak alderdiekin
Lan-erreforma lege-proiektu gisa gorpuzteko aukeraz mintzatu dira bi sindikatuetako buruzagiak. Alderdien arteko elkarrizketetan erreformak okerrera egin dezakeela uste dute idazkari nagusiek, horregatik gaurtik hasita, bilera-sorta egingo dute alderdiekin euren proposamenak jakitera emateko. CiUrekin bilduko dira lehendabizi.