Ekonomia -
Mungia
Lanuztea Tecnicas Hidraulicasen, langile baten heriotza salatzeko
Enpresa batzordeak 24 orduko lanuztea eta kontzentrazioa deitu ditu urriaren 17rako, asteazkenean lantegian hildako langilearen heriotza salatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mungiako Tecnicas Hidraulicas lantegiko enpresa batzordeak 24 orduko lanuztea eta kontzentrazioa deitu ditu urriaren 17rako, atzo lantegian hildako langilearen heriotza salatzeko.
Atzo arratsaldean 42 urteko langile bat hil zen Mungiako Tecnicas Hidraulicas lantegian, antza denez, txapa bat buru gainera jausi ostean.
Hildakoaren senideei elkartasuna adierazteaz gain, ELA sindikatuak gertatutakoa argitzeko ikerketa "sakona" egiteko eta balizko erantzukizunak argitzeko eskatu die Lan Ikuskaritzari eta Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari.
ELA sindikatuaren esanetan, lan istripuak egungo lan ereduaren ondorio dira eta enpresek berehalako irabazi ekonomikoak lehenesten dituzte.
Bestalde, LAB sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, atzo hildakoa azpikontratatutako langile bat zen eta azpikontratazioa behin-behinekotasunaren oinarrian dagoela salatu du.
Gainera, patronalak lan istripuetan erantzukizuna duela azpimarratu du LABek.