Ekonomia -

Lan-gatazka

ELAk hiru asteko greba jarraitua egitera deitu du Bizkaiko egoitzetan

Lanuzteak urriaren 24an hasiko dira, eta hiru astez luzatuko dira etengabe. Orain arte egin diren greba deialdietako luzeena izango da.

Gaizka Miguel, ELA sindikatuko kidea. Argazkia: EiTB
Gaizka Miguel, ELA sindikatuko kidea. Argazkia: EiTB
24tik aurrera, hiru asteko greba deitu du ELAk Bizkaiko zahar-etxeetan

1:16

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak, urriaren 24tik hasita, Bizkaiko zahar egoitzetan hiru asteko greba jarraitua egingo duela jakinarazi du gaur. Salatu duenez, deialdiaren arrazoia sektoreko patronalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak lan-baldintzak hobetzeko agertzen duten borondate falta da.

Bilbon egindako prentsaurrekoan, Gaizka Miguel eta Ander Akarregi sindikatuko ordezkariek azaldu dute orain arte egindako greba-deialdi luzeena dela (aurrekoa bi astekoa izan zen), eta, sektoreko langileek, emakumezkoak gehienak, urtean zehar dagoeneko egin dituzten beste 32 greba-egunei gaineratu behar zaizkie.

Azaldu dutenez, joan zen astean egindako batzarretan ordezkariek mobilizazioekin jarraitzeko bozkatu zuten aho batez, eta ontzat hartu zuten hiru asteko grebarako deialdia.

Sindikatuko ordezkariek, kritikatu egin dute beste behin patronalak urriaren 4an aurkeztu zien azken proposamena; izan ere, ELAren iritziz, "proposamen hori arduragabekeria eta begirunea galtzea izan zen langileentzat".

Hain zuzen ere, azken proposamen horretan, sei euroko soldata-igoera eta bi orduko lanaldi-murrizketa eskaini zituzten, lan-kargei eta beste gai batzuei buruz ezer mahaigaineratu gabe.

Aldi berean, sindikatuak Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera kritikatu du, bere aburuz, bera baita zahar egoitzetako zerbitzua ematearen "azken arduraduna".

ELAren iritziz, "arduragabekeria da gatazkan nahasi nahi ez izatea eta konponbiderik ez proposatzea".

Bukatzeko, sindikatuko ordezkariek hauxe gaineratu dute gutxieneko zerbitzuen gainean: "grebaren eraginak ezkutatzearren eta egoitzetako egitura-arazoa ostentzearren, Eusko Jaurlaritzak berriro gutxieneko zerbitzuen abusuzko dekretu bat emango balu, orduan lortuko zuen ondorio bakarra gatazka denboran luzatzea eta tentsioa areagotzea izango litzateke".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? ELA Grebak gaur Lana Gizartea albisteak Ekonomia 2024 Gaurko azken ordukoa