Ekonomia -

Nafarroako Parlamentua

Nafarroako udalek maileguak eskatu ahal izango dituzte 2011n

Erabaki honen arabera, Nafarroak ez du Zapaterok Espainiako udalei zorpetzeko jarri dien debekua beteko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuak, UPN eta PSN alderdien babesarekin eta beste alderdi guztien kontrako botoekin, 2011n Nafarroako udalek maileguak eskatzeko aukera onartu du, beti ere 2012ra arte aurreikusitako herri lanak ordaintzeko.

Erabaki honen arabera, Nafarroak ez du Zapaterok Espainiako udalei zorpetzeko jarri dien debekua beteko.

Miguel Sanz presidentearen esanetan, Nafarroako Udalek Espainiar Estatuaren bataz bestekoa baino defizit txikiagoa dute, eta, ondorioz, "zigorrik merezi ez dutela" uste du presidenteak.

Nafarroako Udalek bost puntutik beherako defizita dute, Estatukoek baino hiru puntu gutxiago. Horrez gain, Foru arauak zorpetzeko ematen dien muga ia 13 puntukoa da, Sanzek azaldu duenez (Estatukoa baino zerbait handiagoa).

Horregatik, "kafea guztientzako" formula ez ezartzeko eskatu dio Sanzek Espainiako presidenteari.

Bere esanetan, Nafarroako araua "justuagoa da", ez dielako udal guztiei trataera bera ematen. "Kudeaketa ona egin dutenei eta zor txikia dutenei zorpetzeko aukera ematen die gure foru arauak", esan du.

Zigorrik aurreikusten ez badu ere, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioetako departamentuak "gertutik" zainduko du Udalen zorra, defizit muga gainditu ez dezaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea