Ekonomia -
Defizita
Nafarroako udalek maileguak eskatu ahal izango dituzte 2011n
Erabaki honekin, Zapaterok ezarritako agindua beteko ez dutela iragarri du gaur Miguel Sanzek. Nafarroako Udalek "zigorrik merezi ez dutela" esan du presidenteak.
Erredakzioa
Nafarroak toki administrazioak kudeatzeko duen eskumena ezarriko duela iragarri du gaur Miguel Sanz presidenteak. Honen arabera, Udalek maileguak eskatu ahal izango dituzte datorren urtean, beti ere 2012ra arte aurreikusitako herri lanak ordaintzeko.
Bere esanetan, Nafarroako Udalek Espainiar Estatuaren bataz bestekoa baino defizit txikiagoa dute, eta, ondorioz, "zigorrik merezi ez dutela" uste du Sanzek.
Erabaki honen arabera, Nafarroak ez du Zapaterok Espainiako udalei zorpetzeko jarri dien debekua beteko.
Nafarroako Udalek bost puntutik beherako defizita dute, Estatukoek baino hiru puntu gutxiago. Horrez gain, Foru arauak zorpetzeko ematen dien muga ia 13 puntukoa da, Sanzek azaldu duenez (Estatukoa baino zerbait handiagoa).
Horregatik, "kafea guztientzako" formula ez ezartzeko eskatu dio Sanzek Espainiako presidenteari.
Bere esanetan, Nafarroako araua "justuagoa da", ez dielako udal guztiei trataera bera ematen. "Kudeaketa ona egin dutenei eta zor txikia dutenei zorpetzeko aukera ematen die gure foru arauak", esan du.
Zigorrik aurreikusten ez badu ere, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioetako departamentuak "gertutik" zainduko du Udalen zorra, defizit muga gainditu ez dezaten.
Erabaki hau bihar eramango dute Nafarroako Parlamentura.