Ekonomia -

Lan-baldintzak

Bi asteko greba etengabea Bizkaiko adinekoen egoitzetan

Grebaren lehen egunean jarraipena "erabatekoa" izan dela esan du ELAk. Lanuztearekin egoitzetako langileen nahiz adinekoen "duintasuna" aldarrikatu nahi dutela erantsi du.

Egoitzetako langileek egindako protesta bat, martxoan. Argazkia: EFE
Egoitzetako langileek egindako protesta bat, martxoan. Argazkia: EFE
Zaintze lanak grebaren erdian

1:37

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko zahar-etxeetako langileek greba hasi dute gaur, irailak 21, eta, hemendik aurrera, bi astez utziko diote lanera joateari, sektoreko lan-baldintzak hobetuko dituen lan-hitzarmena eskatzeko.

Besteak beste, 35 orduko lanaldia, soldata igoera "duina", hobekuntzak baja eta baimenetan eta lan-kargak berrikustea eskatzen dute zahar-etxeetako langileek.

ELAren arabera, grebaren lehen egunean “jarraipena erabatekoa” izan da, batez ere egoitza handietan, “txikietan lanuztea egitea galarazi dutelako”.

Horrez gain, langileek manifestazioa egin dute, Arriaga plazatik eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregira. 475 bat lagunek hartu dute parte.

ELAk azpimarratu du greba honen bitartez “duintasuna” aldarrikatu nahi dutela, “egoitzetako langileena nahiz bertan bizi diren adinekoena”.

“1.200 euroko soldata minimo bat izatea, Diputazioak kudeatzen dituen egoitzetan asteko lanaldia 35 ordukoa izatea eta zuzeneko atentzioa eskaintzeko langile gehiago kontratatzea eskatzen dugu”, erantsi du.

ELAk azaldu du azkenaurreko bilera maiatzaren 12an egin zutela, patronalak hilean hiru euroko soldata igoera eskaini ziela, “urtebeteko bake sozialaren truke”, eta proposamena baztertu egin zutela.

Azkeneko bilera, berriz, irailaren 8an egin zuten, “baina patronalak ez zuen ezer proposatu”. Mahai gainean proposamenik jarri ezean, berriro ez zirela eseriko ohartarazi zion sindikatuak patronalari, eta honek irailaren 23ko batzarrera eskaintza batekin joateko konpromisoa hartu zuen.

Hala ere, ELAk salatu du oraindik ez dutela ezer jaso eta, beraz, bilera hori egingo dela zalantzan jarri dute.

ELAk Bizkaiko Foru Aldundiaren "immobilismoa eta despotismoa" salatu du, patronalari estalkia emateagatik eta sindikatuarekin biltzeko eskaerari uko egiteagatik.

Halaber, sektoreko hiru patronalak kritikatu ditu ELAk. Sindikatuaren esanetan, patronalek "barne gatazkan" dihardute Foru Aldundiak lagundutako plaza gehiago lortzeko, eta langileen greba-eskubidea oztopatzen saiatu dira.

Eusko Jaurlaritzak % 60tik % 80ra igo zituen astelehenean Bizkaiko zahar-etxeetako greba dela eta ezarritako gutxieneko zerbitzuak.

Horren harira, ELA sindikatuak gutxieneko zerbitzuak gehitzeko Jaurlaritzaren aginduaren aurkako helegitea jarri zuen. Izan ere, "sektoreko langileen gehiengoaren grebarako eskubidea bertan behera uzten" duela esan zuen ELAk. Alabaina, errekurtsoa atzera bota dute.

12 lagun ikuskapenak egiteko

Bizkaiko Aldundiak adinekoen egoitzetan deituta dauden greba-egunetan ikuskapenak egingo ditu, eta horretarako, foru-arau bat onartu zuen atzo, asteartea, ikuskapenak nola egingo diren zehaztuz. Egunero egingo dira ikuskapenak, lanuzteak irauten duen bitartean, eta helburua, Aldundiak esan zuenez, adinekoen "zaintza integrala" bermatzea da.

Isabel Sanchez Robles Gizarte Ekintzarako diputatuak eman zuen foru-arauaren berri, hedabideen aurrean egindako agerraldian. Egoitzetan dauden pertsonen oinarrizko zaintza bermatzeko egingo dituztela ikuskapenak nabarmendu zuen.

Diputatuaren arabera, bestalde, foru-arauak izaera iraunkorra zuen, eta greba-egunetan bakarrik ez, egoera bere onera etortzen denean ere, indarrean egongo da. Ikuskapenak egitea ez dela kontu berria zehaztu zuen, lehendik ere egiten omen zituzten. Orain, baina, agiri batean jaso dute prozedura, ekinbideak zehazteko eta zabaltzeko. Instrukzio honek langileei eta enpresei eragingo diela esan du Sanchezek.

Ikuskapenak egingo dituen lan-taldea 12 pertsonak osatuko dute, sei medikuk eta sei ikuskatzailek. Bizkaiko egoitza guztietan egingo dituzte behaketak, grebak irauten duen bitartean egunero, eta ondoren, tarteka.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak ELA albisteak Grebak albisteak Ekonomia albisteak Albisteak