Ekonomia -
Arriola Legebiltzarrean
Gipuzkoako AHT egiteko 303 milioi euro gehiago beharko dituzte
Obren kostuak gora zergatik egin duen azaltzeko agerraldia egin du Garraio sailburuak Gasteizko Ganberan. Hasiera batean, 1.642 milioiko kostua izan behar zuten lanek.
Erredakzioa
Abiadura Handiko Trenaren Gipuzkoako zatia egiteko 303 milioi euro gehiago beharko dituztela esan du gaur Iñaki Arriola Garraio sailburuak, baina diru kopuru hori "itxita ez" dagoela ohartarazi du, tarteen % 35 azterketa fasean daudelako.
Batzorde parlamentarioan agerraldia egin du Arriolak, Aralarrek eskatuta, Gipuzkoako tartearen obren kostuak zergatik gora egin duen azaltzeko.
Hasiera batean, 1.645 milioi euroko kostua zuten lanek, Dani Maeztuk (Aralar) gogorarazi duenez. Honenbestez, 260 milioi euro gehiago dira, Eusko Jaurlaritzak egindako aurreikuspenen arabera.
Diru gehiago behar dutela onartu du Arriolak, baina kopurua zehaztu du, izan ere, handiagoa da, 303 milioi euro, hain zuzen ere. Horrela, azpiegituraren kostua 1.945 milioikoa da egun, Garraio sailburuak azaldu duenez.
"Ongi inbertitutako" dirua
"Jasangarritasunaren ikuspegitik ongi inbertitutako" dirua dela adierazi du sailburuak, ingurugiroari egiten zaion kaltea murrizteko delako.
303 milioi horiek, esaterako, 13 tunel faltsu, lubetak zubiengatik ordezkatzeko edo ibilbidea aldatzeko erabiliko dituztela esan du Arriolak.
Estatua garestitze horretaz arduratuko ote den galdetu diote sailburuari. Kostua handitzea eragin duten hobekuntza obrek Adif enpresarekin adostu dituztela azaldu du Arriolak. Ondorioz, Gobernu zentralaren finantzaketa bermatuta dagoela esan du, "Estatua izan eta finantza gaitasuna duen bitartean".