Ekonomia -
Mobilizazioa
Ekainaren 8ko zerbitzu minimoak finkatu dituzte
Ospitaletan jaiegunetan lan egiten duen pertsona kopuru bera egon beharko da eta garraio zerbitzu publikoek, zerbitzu arruntaren % 30 eskaini beharko dute.
Erredakzioa
Sindikatuek ekainaren 8rako sektore publikoan estatu mailan deitutako greba egunean egongo diren zerbitzu minimoak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak.
Osasuna:
Osakidetzari dagokionez, ospitaletan jaiegunetan lan egiten duen pertsona kopuru bera egon beharko da eta dialisiak, tratamendu onkologikoak eta atzeratu ezin daitekeen tratamenduak mantenduko dira.
Lehen mailako arreta zerbitzuan, larunbatetan lan egiten duen pertsona kopuru bera egon beharko da lanean. Halaber, larrialdi zerbitzuetan eta Etengabeko Arreta Guneetan (EAG) ehuneko ehunean lan egin beharko da.
Garraioa:
Autobus, tren edo itsasontzi garraio zerbitzu publikoek, zerbitzu arruntaren % 30 eskaini beharko dute.
Hezkuntza:
Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza, zein unibertsitateko eta haur hezkuntzako zentroak zabalik egongo dira. Txanda bakoitzean pertsona bat egon beharko da eta, egun horretan azterketarik egotekotan, azterketa egingo duen pertsona bat egotea bermatuko da.
Larrialdi, ura eta argi zerbitzuak:
Larrialdi zerbitzuetan eta energia elektriko, ura eta gas horniketa enpresetan jaiegun batean bezala lan egin beharko dute.
Geriatrikoak eta eguneko zentroak:
Geriatrikoetan % 50-60 tartean lan egin beharko dute nagusiak zaintzen dituzten lagunek, osasun langileek eta jantokien arduradunek.
EITB:
EITB erakunde publikoaren kasuan, eguneroko albistegi zerbitzuak eskaini beharko ditu bere ohiko ordutegian.