Ekonomia -
40 urtean lehen aldiz
Bizkaiak eguneratu egin du katastroa: zenbat ordainduko dut zergetan?
Etxebizitzen katastro-balioa dagoeneko kontsulta daiteke Interneten. Hainbat zerga kalkulatzeko oinarria da.
agentziak | erredakzioa
Bizkaiko Aldundiak dagoeneko publikatu du etxebizitzen katastro-balioaren eguneraketa. Higiezinen jabeek Interneten kontsultatu dezakete jada euren ondasunen balioa, posta bidez jasoko duten pasahitza erabiliz.
Aldundia 463.899 gutun igortzen hasi da, eta banaketa irailaren 14an bukatzea espero du.
Foru erakundea balio katastralak eguneratzeko lanean izan da azken hilabeteetan, udalekin elkarlanean.
Balio berriak 2017ko urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean, eta hainbat zerga eguneratzeko oinarri gisa erabiliko dira, hala nola Ondasun Higiezinen gaineko Zerga eta udal tasak.
Katastroko berrikuspenak ondasun higiezinen balioen igoera ekarri du. Foru Aldundiak emandako datuen arabera, orain arteko Bizkaiko hiri-lurreko ondasun higiezinen balioa 16.630 milioi eurokoa bazen, gaur egungo balioa 68.000 milioi eurokoa da, orain arte taxututakoa baino lau aldiz gehiago.
Aurreikusteko modukoa den bezala, katastro-balio berria altuagoa izango da, eta beraz, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga ere altuagoa izango da. Hala ere, indarrean dagoen zerga baino karga-tasa txikiago bat proposatu du Foru Aldundiak, igoera hori konpontzeko.
Ogasun Higiezinen gaineko Zergak konfigurazio berria izango du eta, ondorioz, hiriko eta nekazaritza-guneetako etxebizitzen gutxiengo zerga-tasak “egungoak baino txikiagoak izango dira, katastro-balioa igo egingo delako”, zehaztu du Bizkaiko Diputazioak.
Hiriguneetako etxebizitzen gaineko zerga % 0,02 eta % 0,6 artekoa izango da; nekazaritza-guneetako etxebizitzena, % 0,05 eta % 0,50 artekoa; industria higiezinena % 3koa izango da, gehienez; eta komertzioena, % 2koa.
Gainera, araudi berriarekin, Bizkaiko udalek eskumena izango dute hutsik dauden etxebizitzengatik % 50erainoko errekarguak eskatzeko.