Ekonomia -

Negoziazioa

Alonsok uste du litekeena dela lan erreforma dekretuz onartzea

Sozialisten bozeramaileak, hala ere, Gobernuak "azken unera arte borrokatuko" duela zehaztu du. UGTk ohartarazi du greba egongo dela adostasunik ez badago eta CCOOk negoziazioa "egoera zailean" dela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Alonso PSOEk Kongresuan duen bozeramaileak esan du Gobernuak "azken unera arte borrokatuko duela" sindikatuekin eta enpresariekin lan erreforma adosteko, baina "litekeena" dekretuz onartzea dela onartu du.

Gobernuak, erreforma ekainean adosteko, patronalarekin eta sindikatuekin egin dituen negoziazio ahaleginei buruz galdetuta, bozeramaile sozialistak esan du "denek" dakitela "helburua zaila dela" eta, horregatik, Gobernuak "lege-dekretu bidez" onartzea "litekeena" dela berretsi du.

Alonsok dekretua "zentzuzkoa" izango dela, langileek lortutako "eskubide objektiboak errespetatuko" dituela eta lanpostu egonkorrak lortzeko "lan harreman eredu berriak" ezartzen lagunduko duela azpimarratu du.

CCOO: negoziazioa, "momentu zailean"

Igancio Fernandez Toxo CCOOren idazkari nagusiak, bere aldetik, salatu du Gobernuak lan erreformaren elkarrizketa mahaian izan duen jarrera ez dela batere aktiboa izan, negoziazioa "momentu zailean" dagoela eta ministro batzuk "mezu anbiguoak" botatzen dituztela.

Sindikatuaren buruzagia kexu agertu da sindikatuek, patronalak eta Gobernuak egiten dituzten bileren datak "filtratzen" direlako. Horren errua "konpromisoen berme gabeziari" leporatu dio.

Negoziazioa amaitzeko epeari dagokionez, berretsi du ezin dela jakin "Gobernuaren bozeramaileetako nori jaramon egin" eta Jose Blanco Sustapen ministroa kritikatu du bereziki.

"Gaur ministro batek egin dituen adierazpenek harritu egin naute, erreforma idatzita eta Ministroen Kontseilura eramatear zuela esan du, eta hori kontraesana da Gobernuak negoziazio mahaian esaten duenarekin", Toxok azaldu duenez.

UGTk grebarekin egin du mehatxu

Candido Mendez UGTren idazkari nagusiak "axolagabe"tzat jo ditu Gobernuak akordiora iristeko emandako epeak eta berretsi du greba orokorra deituko dutela Gobernuak adostasunik gabeko irtenbidea ematen badu.

Celestino Corbacho Lan ministroak negoziazioa amaitzeko emandako zortzi eguneko epeari buruz, Mendezek azpimarratu du prozesua ez litzatekeela "epeen mende" egon behar, "borondatearen mende" baizik. Horren harira, UGT patronalera gerturatzeko "ahalegina" egiten ari dela esan du, baina patronalak ere "gauza bera" egin beharko lukeela.

Mendezen arabera, garrantzitsuena akordio "orekatua" lortzea da, "ekonomia errealari" zuzendua eta langileen "eskubideak gutxietsiko ez dituena".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea