Ekonomia -

fiskalitatea

Appleri 13.000 milioi eskatzea agindu dio Europak Irlandari

Europako erakundearen arabera, Applek ez du behar beste zerga ordaindu, hainbat akordio fiskalen bidez. Konpainiak ohartarazi du neurriak eragin kaltegarria izan dezakeela lanpostuen sorkuntzan.

Irlandak 13.000 milioi kobratu beharko dizkio Apple etxeari

0:39

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Exekutibo europarrak ebatzi du Irlandak legez kanpoko onura fiskalak eman zizkiola Tim Cooken enpresari eta, horri esker, beste enpresa batzuek baino "askoz gutxiago" ordaindu ahal izan du zergetan eta, Bruselaren arabera, "abantaila handiaz" gozatu du sagarraren enpresak.

Hori dela eta, Bruselak 13.000 milioi euro berreskuratzea agindu dio Irlandari, interesak aparte, 2003-2014 epeari dagokionez.

Margrethe Vestager lehiakortasun komisarioak gogorarazi duenez, Europako legediaren arabera, galarazita dute Estatuek onura fiskalak eskaintzea enpresei. "Batzordearen ikerketak ondorioztatu du Irlandak onura fiskalak baimendu zizkiola Appleri (…) Horri esker, 2003an % 1 ordaindu zuen Sozietateen gaineko Zergaren bidez, eta % 0,005 2004an".

Izan ere, orain dela sei egun, AEBko Altxorraren Departamentuak "herrialdeen gainetik dagoen agintaritza fiskala" gisa jardutea leporatu zion Bruselari, Apple, Fiat eta Starbucks, besteak beste, enpresen inguruan egindako ikerketen harira.

Europako Batasunak esan zuen ez zuela salbuespenik egingo Applerekin eta legedia europarrak debekatzen dutela onura fiskalak enpresa bati ematea, lehiakideak egoera ezberdinean baldin badaude.

Appleren erantzuna

Applek iragarri du Europako Batzordearen erabakiaren kontra joko duela, eta ohartarazi du enpresan bertan baino eragin "handiagoa eta kaltegarriagoa" izango duela Europako inbertsioetan eta lanpostuen sorkuntzan.

Tim Cook konpainiaren kontseilari ordezkariak azpimarratu du multinazionalak "legea betetzen eta zor dituen zerga guztiak ordaintzen" dituela "bai Irlandan, bai lan egiten duen herrialde guztietan". Hala, duela 36 urte Europara iritsi zenetik, Irlandara hain zuzen ere, zerga arauak zuzen betetzeko bertako agintarien laguntza izan duela jakinarazi du.

"Urteotako hazkundeak Irlandako zergadun handiena izatera eraman gaitu, AEBetan eta mundu osoan bezalaxe", adierazi du Appleren arduradunak.

Irlandak helegitea aurkeztuko du

Michael Noonan Irlandako Finantza ministroak iragarri duenez, helegitea aurkeztuko dute Europako Batzordeak emandako aginduaren aurka.

Noonanek erabakiarekin ados ez dagoela adierazi du, hori dela eta, Europako Justiziara jotzea beste aukerarik ez dauka.

"Hau beharrezkoa da gure zerga-sistema babesteko, enpresei segurtasun fiskala emateko eta estatu kide baten eskumen fiskalaren aurrean egiten diren usurpatzeei aurre egiteko", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Apple EB Zer ari da gertatzen Europan? Albisteak Irlanda