Ekonomia -

Sestao

Tapiaren arabera, ez dago inolako itunik ACBrekin laguntzak emateko

Sailburuak gogorarazi duenez, enpresak, gainerako konpainiek bezala, egiten dituen inbertsioen kostuaren % 75 jarri beharko du, diru-laguntzak jaso ahal izateko.

Arantxa Tapia sailburua, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE.
Arantxa Tapia sailburua, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE.
Tapia: 'Ez dago aurreakordiorik ACBk diru-laguntzak jaso ditzan'

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du aurreakordiorik ArcelorMittalekin Sestaoko ACBk laguntza publikoak jaso ditzan. Halaber, Tapiak gogorarazi du enpresak egiten dituen inbertsioen kostuaren % 75 jarri beharko duela diru-laguntzak jaso ahal izateko.

Bilbon egindako prentsaurrekoan, sailburuak esan du positiboa dela ACB berriro irekitzea, irailaren 9tik aurrera, nahiz eta bakarrik asteburuetan zabalduko duten eta lantaldearen erdiak bakarrik lan egingo duen.

Tapiak berretsi du ArcelorMittalek aukera duela programa jakin batzuen bidez diru-laguntzak jasotzeko, Euskadiko gainerako enpresek ere eskuragarri dituzten programen bidez, hain zuzen ere. Arcelorrek laguntza jasoko du kalitatezko proiektuak aurkezten baditu, "baina ez dago aurreakordiorik", adierazi du. Gainera, ArcelorMittalek datorren urteko deialdian eskatu beharko ditu laguntzak, aurtengoak itxita baitaude.

Balizko diru-laguntzak

ACBk diru-laguntza hauek eska ditzake: langileen prestakuntzarakoak, energia aurrezteko balio dutenak eta, handienak, ikerketa eta garapen proiektuetarako laguntzak. I+G (Ikerketa eta Garapena) bultzatzeko bi proiektu (26 milioi euroko proiektuak) zituela esan zion uztailean Arcelorrek Eusko Jaurlaritzari. Laguntza horiek zehazteko, inbertsioa zenbaterainokoa den hartu behar da kontuan, eta gehienez ere horretarako behar den inbertsioaren % 25ekoa izan daiteke. Hortaz, enpresak gainerako % 75a jarri beharko luke, diru-laguntzak jaso ahal izateko, sailburuak azaldu duenez.

"Laguntzak jasotzeko, enpresak inbertsio nabarmena egin behar du, eta enpresak hala ulertu du", esan du Tapiak. Gaur ez du kopururik eman, baina uztailean aurreratu zuen diru-laguntzak 4-5 milioi eurokoak izan litezkeela.

Baldintza horiek gogorarazi baditu ere, Tapiak berretsi egin du konpainiari laguntzeko prest daudela, lantegiaren etorkizuna bermatzeko, eta pozik agertu da berriro irekiko dutelako.

Langileak zoriondu ditu

Tapiak langileak zoriondu ditu egindako ahaleginagatik; izan ere, bakarrik asteburuetan egingo dute lan, argindarraren tarifa merkeena baliatzeko (ACBko labeak argindarra erabiliz dabiltza), eta langileen erdiek bakarrik egingo dute lan.

Halaber, ACBko zuzendaritza ere zoriondu du sailburuak; izan ere, jarraitzearen aldeko apustua egin du, egoera zaila bazen ere. ArcelorMittal multinazionalaren barruan dago ACB, eta Arcelorrek ere "barne-orekak" ditu, Tapiaren hitzetan.

"Guztien artean, batzordeak, zuzendaritzak, erakundeek, ahalegin handia egin da; erabakia guztiz bestelakoa izan zitekeen", nabarmendu du.

Rementeriaren iritziz, "lehen urratsa" da berriro irekitzea, baina industria-plan "globala" eskatu dio Arcelorri

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, aldiz, esan du "lehen urratsa" dela ArcelorMittalen erabakia (asteburuetan irekitzea), baina Sestaoko lantegirako industria-plan "global" bat eskatu dio multinazionalari.

Diputazioak udako oporraldiaren ostean egindako lehen gobernu kontseilua amaituta, Rementeriak esan du lehen urrats hau "ezinbestekoa" zela lantegiaren etorkizuna bermatzeko, baina Aldundiaren apustua lantegiaren produkzio-gaitasuna erabat berreskuratzea dela nabarmendu du.

ArcelorMittalek ACB altzairu-fabriketako ikerketa eta garapenean eta produktu berrietan "erreferente" bilakatu nahi izatea azpimarratu du ahaldun nagusiak, baina "bideragarritasuna bermatzeko urrats gehiago eta lantegiaren etorkizuna epe ertainean eta luzean bermatzen duen produkzio nahikoa" eskatu ditu. Rementeriak industria-plan "globala" eskatu dio berriro ArcelorMittali, jarduera eta kalitatezko enplegua sortzeko.

Bizkaiko ahaldun nagusiaren esanetan, Bizkaiko Foru Aldundia prest dago enpresarekin eta langileekin batera lan egiteko, "Ezkerraldean, Bizkaian eta Euskadin funtsezkoa den lantegi honen etorkizuna bermatzeko", bereziki Diputazioak bere eskumenen artean dituen zerga-kenketa batzuk aztertzeko, I+G (Ikerketa eta Garapena) bultzatzeko proiektuetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa munduan gaur Herriak eta Hiriak Sestao bideoak Gaurko albisteak Bizkaia Ekonomia 2024 Gaurko azken orduko albistea Dirulaguntzak Euskadin Metalgintza albisteak Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak