Ekonomia -
Wolfsburgon
Volkswagenek Golfen ekoizpena eten egin du Alemaniako lantegi nagusian
Konpainiak auzia du hornitzaile txiki batzuekin, eta ez du behar adina piezarik, Wolfsburgoko lantegian, modeloa egiteko.
Agentziak | Erredakzioa
Volkswagen automobil-patzuergoak erabaki du etetea Golf modeloaren ekoizpena Alemanian duen lantegi nagusian, Wolfsburgon. Konpainiak auzia du hornitzaile txiki batzuekin, eta ez du behar adina piezarik autoak egiteko; hala nola, eserlekuen estaldurak eta motorrerako pizak falta zaizkio. Volkswagenek zehaztu duenez, baliteke Golf berriro ekoizten hastea datorren larunbatean, abuztuaren 27an.
Konpainiak eta hornitzaileek erabaki dute ez ematea xehetasunik auziaren gainean; izan ere, epaileak ebazpenaren berri eman behar du.
Ostegunean, Volkswagenek adierazi zuen murrizketa nabarmena izango zela lantegi batzuetan, Wolfsburgoko zentralean barne. Asmoa zen lanaldi murriztua ezartzea Wolfsburgoko 20.000 langilerentzat eta Golf ereduaren muntaia etetea.
Bi aldeek egotzi diote errua elkarri, eta esan dute asmoa dutela irtenbideak topatzeko, baian ez dute sakondu edo zehaztu balizko irtenbide horietan.
Baimena, behar dituen osagaiak konfiskatzeko
Alemaniako Justiziak baimena eman zion Volkswageni, ostiralean, Golf eta Passat modeloak egiteko behar dituen osagaiak konfiska ditzan; Auzitegiaren erabakiak, berez, esan nahi du Volkswagenek kamioiak bidali ahal izango lituzkeela osagaien bila, hornitzaileengana, piezen faltan dauden lantegietara eramateko. Hala dio Der Spiegel astekariak.
Hori ez da orain arte inoiz gertatu, piezak konfiskatzea, baina Volkswagenek dio oraingoz ez duela asmorik hori egiteko; alderantziz, jarraitzen du akordio baten bila.
Oraingoz, Tiguan eta Touran modeloak egiten jarraituko dute Wolfsburgon bertan. Volkswagen aztertzen ari da neurriak beste lantegi batzuetan ere hartzea, hala nola Braunschweigen (iparraldean dago), Zwickau (ekialdean) eta Kasselen (erdialdean). Joan den astean, arazoak izan zituzten aipatu lantegietan ibilgailuak egin ahal izateko.