Ekonomia -
Gizarte Ekonomiaren osoko Plana
Gizarte-ekonomiako langileak % 20 haztea du xede Nafarroak
Hala adierazi dute Garapen Ekonomikorako eta Eskubide Sozialetako lehendakariordeek, Gizarte Ekonomiaren osoko Planaren zirriborroa aurkezteko prentsaurrekoan.
Agentziak | Erredakzioa
Garapen Ekonomikorako eta Eskubide Sozialetako lehendakariordeek, Manu Ayerdik eta Miguel Laparrak, Gizarte Ekonomiaren osoko Planaren zirriborroa aurkeztu dute gaur, eta plan horren xede nagusia esparru horretan lan egiten dutenen kopurua gutxienez % 20 areagotzea da, hemendik eta 2020ra bitartean.
Horrenbestez, esku artean darabilten asmoa da egun dauden 16.430 langiletik, 19.700 langilera pasatzea 2020rako.
Ayerdik azaldu duenez, "gaur egun 16.430 pertsonak egiten dute lan gizarte ekonomian, eta % 20 horrek esan nahi du 2020an 3.300 pertsona gehiago egongo liratekeela".
Ayerdik berak onartu egin du "erronka handia" dela, eta % 20 hori "bi zatitan" banatuta dagoela nabarmendu du: % 16 "merkatuan ageriro jarduten duten enpresei egongo lirateke lotuta", eta esparru horretara 2.570 ekartzea espero dute; gainerako % 4a "gizarteratzeko esparrutik etorriko da", gaineratu du.
Horrez gain, epealdi horretan Nafarroan eratzen diren enpresen % 10 gizarte-ekonomiatik etor daitezela espero dute, eta gaur egun existitzen diren 1.060 enpresei beste 300 gaineratuko zaizkiela aurreikusi du.
Laparraren aburuz, bestalde, aipatu plana "osokoa da sorkuntzatik, handinahia helburuetan, berritzailea planteatzen dituen jardueratako askotan eta erabat kolaboratzailea".
Plazaratu dutenaren arabera, Batzorde Tekniko Iraunkor batek egingo du planaren jarraipena. Batzorde hori "gizarte-ekonomian esku hartzen duten familia guztiak arituko dira administrazio publikoetako arduradunekin batera".
Azkenik, Laparrak herritarrei dei zuzena egin die zirriborroari buruz "eztabaidatu eta aberats" dezaten abuztuaren 16tik irailaren 17ra bitartean, Gobernu Irekia plataformaren bitartez.