Ekonomia -

lan-gatazka

Jarraipen zabala izan du Guggenheimeko hezitzaileen bigarren grebak

Asteartean egin zuten egun guztiko lehendabiziko lan-uztea, eta abuztuaren 18, 23, 26 eta 30erako eta irailaren 1erako daude deituta hurrengoak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Guggenheim Museoko hezitzaileen eta orientatzaileen lantaldea osatzen duten Manpower Group Solutions multinazionaleko langileek bigarren greba eguna egin dute gaur euren "prekarietatea eta ezegonkortasunarekin" amaitzeko, eta jarraipena oso zabala izan da. Guztira zortzi greba-egun deitu dituzte. Asteartean egin zuten lehendabizikoa, eta abuztuaren 18, 23, 26 eta 30erako eta irailaren 1erako daude aurreikusita hurrengoak. Aurretik ere egin zuten beste mobilizazio bat uztailaren amaieran.

Langileek salatzen dutenaren arabera, museoa ez da langileak subrogatzera konprometitzen; ondorioz, urriaren 1etik aurrera langile horien jarraipena ez dago bermatuta. Euren aburuz, "ez dago hobekuntza konpromisorik", langileek aurkeztutako inongo baldintzetan, ez direlako gutxieneko soldatak ziurtatzen, ezta jai-egunetako, antzinatasunaren edota bajen kobrantzak ere.

Langileen baieztatzen dutenez, Guggenheim Museoak bere gain hartu duen konpromiso bakarra izan da abuztuaren bukaeran edota irailaren hasieran erantzun bat ematea (aldekoa zein ezezkoa izan), hau da, enpresa lizitatzailearekin kontratua bukatu baino hil bat aurretik.

Bere aldetik, enpresak esan die ezin duela "prekarietatearekin amaitu" zerbitzu hori emateko eskaintza publikoak jasotzen dituen egungo baldintza ekonomikoak zein diren kontuan hartuta.

Horren aurrean, langileek "konponbide bat lortzeko beharrizana" dagoela ohartarazi dute, eta Manpower Group Solutions, Guggenheim Museoa eta Patronatuko kidea diren erakunde publikoei eskatu diete prekarietatearekin bukatzeko benetako konpromisoa har dezatela.

Lan-uzteak bertan behera uzteko aukera

Astearteko protestaren ostean, langileen ordezkariek greba deialdiak bertan behera uzteko prest daudela jakinarazi zieten alderdi guztiei, "betiere subrogazioa egongo den eta eskatzen duten lanbide-kategoria aitortuko den benetako bermea jasoz gero".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Guggenheim Bilbao museoaren erakusketak Grebak Ekonomia Gaurko azken ordukoa