Ekonomia -

EAEn

Ekainaren 8rako greba deialdia aurkeztu dute UGTk eta CCOOk

Sindikatu hauen ustez, "langileen aurkako bidegabekeria" dira Zapaterok iragarritako neurri ekonomikoak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekainaren 8rako greba deialdia aurkeztu dute gaur Eusko Jaurlaritzako Lan errejistroan UGT, CCOO eta CSIF sindikatuek. Estatu osoko administrazio publikoan greba deitu dute sindikatuok, eta Bilbon aurkeztu dute EAEri dagokion deialdia. Sindikatu hauen ustez, "langileen aurkako bidegabekeria" dira Zapaterok iragarritako neurri ekonomikoak.

Krisia eragin ez dutenek krisia ordaintzearen aurka agertu dira sindikatuetako ordezkariak. Horrez gain, elkarrizketa sozialeko "giro ona haustea" leporatu diote Zapateroren Gobernuari.

UGTk, CCOOk eta CSIFk deitu duten greba azken egunetan izandako bigarren protesta izango da. Asteartean, sindikatu abertzaleek ere greba egin zuten EAEko eta Nafarroako sektore publikoan.

Luis Antiso UGTren ordezkariaren hitzetan, funtzionariek ez dute "sortu ez duten" krisia ordaindu behar, ezta Gobernuaren "akatsak konpondu" ere.

Funtzioarioen soldata murrizketarekin beste "neurri atzerakoi batzuk ezkutatu" nahi dituztela uste du Antisok, tartean pentsioen murrizketa edota Dependentzia Legea.

Pablo Garcia de Vicula CCOOko ordezkariak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak aurkeztutako neurriekin "negoziazio mahaietan geneukan giro ona hondatu egin du".

Ekainak 8ko grebaren ondoren beste "neurri asko" etor daitezkeela esan du Garcia de Vicuñak. "Zatarkeria hau sortu duenak eman beharko du orain hurrengo urratsa", gaineratu du.

Greba deitzeaz gain, EAEko hiriburuetan manifestazioak egingo dituzte datorren astean. Eguerdiko 12:00etan hasiko dira Bizkaiko Foru Aldunditik (Bilbon), Kirol Artetik (Donostia) eta Posta kaletik (Gasteiz).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea