Ekonomia -

Azpiegiturak

Gerediaga-Elorrio autobia zatia zabaldu dute

Bizkaiko Aldundiaren arabera, “egunero 12.200 ibilgailu aterako dituzte” Matiena, Abadiño, Atxondo, Iurreta, Durango eta Elorrioko erdiguneetatik.

Gerediaga-Elorrio
Gerediaga-Elorrio
Gaur irekiko dute Gerediaga-Elorrio autobia zatia

1:31

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gerediaga-Elorrio autobia zabaldu dute gaur. Bizkaiko Aldundiaren arabera, “egunero 12.200 ibilgailu aterako dituzte” Matiena, Abadiño, Atxondo, Iurreta, Durango eta Elorrioko erdiguneetatik.

Elorrioko noranzkoa 08:40 aldera ireki dute eta Bilbora edo Donostiara joateko erreiak 09:50 aldera. Bizkaiko Aldundiko iturriek jakinarazi dutenez, lehen orduetan “ez da arazorik” izan.

Azpiegitura berria egiten 2012ko urrian hasi ziren. AP-8 autobidea lotzen du Gerediaga inguruan, Abadiñon, eta Elorrioko mendebaldean amaitzen da. Lotura berri baten bidez BI-632 errepidearekin eta Elorrioko saihesbidearekin bat egiten du.

Gainera, N-636 errepidearekin lotzen da Muntsaratzen, Abadiño eta Atxondo arteko korridore berrira sartzeko aukera emanaz.

Autobiak 6,4 kilometroko luzera du, 3,50 metroko zabalerako bi errei ditu noranzko bakoitzean eta 1,00 eta 2,50 metroko bazterbideak, hurrenez hurren.

Orografia gainditzeko, 1.965 metroko tunel bat eta bi tunel faltsu ditu, baita 36.000 metro karratuko hamaika bidezubi ere.

Autobia egiteko lanetan 340 enpresek eta 2.000 langilek parte hartu dute.

Aldundiko iturriek azaldu dutenez, azpiegituraren kostua 210 milioi eurokoa izan da.

Elorrioko saihesbidea egokitu dute

Tarte berriaz gain, Elorrioko saihesbidea egokitu dute lanetan. Azpiegitura berria hartzeko, saihesbideko 2,8 kilometro konpondu dituzte.

Saihesbide berriak 1,9 kilometro eta bi errei ditu noranzko bakoitzean.

Aldundiak “errealitatea ezkutatu” nahi duela salatu du EH Bilduk

Bizkaiko Aldundiak “errealitatea ezkutatu” nahi duela salatu du EH Bilduk; izan ere, Gerediaga-Elorrio autobia “ez da doako errepidea” izango. Ibilgailuek “AP-8 autobidean bukatuko dute, eta bertan ordaindu beharko dute, beste aukerarik gabe”, kritikatu du koalizioak.

Koalizioak agiri batean kritikatu duenez, Imanol Pradales Garapen Ekonomikoko diputatuak Gerediaga-Elorrio autobiaren “doakotasuna lehiakortasunerako osagai” gisa planteatu du, baina “errealitatea ezkutatzen” ari da.

EH Bilduren ahotan, “Pradalesek dioena ez da egia; izan ere, errepide berriaren eraikuntza % 40 garestiagoa izan da”. “’Bidesari iluna’ren bidez finantziazioa inposatu dute eta bizkaitarrek 1.400 milioi euro ordainduko ditugu datozen 27 urteetan”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Bizkaiko albisteak Durango argazkiak Elorrio azken ordukoa Durangaldea albisteak