Ekonomia -
Arcelor Mittal
Lanera itzuli eta enplegu-espedientea aplikatuko zaie ACBko langileei
Datorren abenduaren 31ra arte indarrean dagoen Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea aplikatuko zaie.
Agentziak | Erredakzioa
Sestaoko ACBko 140 langileak astelehen honetan bueltatuko dira euren lanpostuetara, baina lantegiak itxita jarraitzen duenez, Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea aplikatuko zaie berriro ere. Espediente horren indarraldia abenduaren 31n amaitzen da.
Arcelor Mittal eta Eusko Jaurlaritza ez dira ados jartzen Bizkaiko altzairugintzako enpresa berriz irekitzea ahalbidetuko lukeen akordio baten inguruan. Izan ere, multinazionalak ez ditu "nahiko" ikusten Jaurlaritzak prestakuntzarako, ikerketa eta garapenerako eta eraginkortasun energetikorako eskaintzen dituen laguntzak.
Arcelorreko iturriek jakitera eman dutenez, kontaktuak egon badaude Eusko Jaurlaritzarekin, baina batzar formalik ez. Bere esanetan, ez ditu negoziazioak etentzat emango, eta ez die epe-mugarik jarri, ezta lantegia zabaltzeko ustezko aukerari ere.
Iturri horien esanetan, nazioarteko merkatuan altzairuaren prezioak lehengoratu egin badira ere, oraindik ere goraka doa material horren inportazioa Europan, baina ez aurreko urteko azken hiruhilekoan izandako erritmo berean.
Europar Batasunak dumpingaren aurka haurtutako neurrien eraginez, Txina bere altzairua Asiako hego-mendebaldean ari da saltzen, eta horrek domino efektua sortu eta Hego Korea bezalako herrialdeak euren produktua Europan saltzeari ekin diote. Horrenbestez, Sestaoko lantegia zabaltzea bideragarri egiten ez duten baldintzak "bere horretan" mantentzen direla diote enpresako iturriek.