Ekonomia -

Defizitaren aurkako plana

Nafarroako Gobernuak Zapateroren neurriak ezarriko ditu

Alberto Catalan Foru Gobernuko bozeramaileak "berandu iritsi" diren neurriak kritikatu ditu eta Espainiari ez bezala, Greziari laguntzeko orduan, PSOE eta PP ados jartzeko gai direla azpimarratu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Catalan Harreman Instituzionaletako sailburuak gaur baieztatu duenez, Espainiako Gobernuak onartutako neurriak Nafarroan ezarriko dituzte eta horrez gain, UPN Kongresuko bozketarekin "koherentea" izango dela ziurtatu du. Foru Exekutiboak "errespetuz eta leialtasunez" jokatuko duenez, PSOEren Gobernuak adostatutako defizit publikoaren doiketa aste honetan aztertuko dutela adierazi du Catalanek. Dena den, "berandu iritsi" diren neurriak direla esan du eta Espainiari ez bezala, Greziari laguntzeko orduan, PSOE eta PP ados jartzeko gai direla azpimarratu du. Alberto Catalanek ez du aurreratu zer bozkatuko duen UPNk Kongresuan eta "UPNren zuzendaritzako organoek erabakiko" dutela zehaztu du. UPN "koherentea, arduratsua eta serioa" eta "Espainiako parte sentitzen" dela baieztatu du, horrenbestez, "alderdien interesen aurretik, Nafarroaren interesak lehenetsiko dituzte eta koherentziaz, seriotasunez eta erantzunkizunez jokatu dute". Foru Exekutiboaren ikuspuntutik "neurriak kritikatzea gauza bat da eta beste bat, bete behar ez izatea" gaineratu du. UPNren ikuspuntutik, aldiz, "babestea gauza bat da eta beste bat, aurkako bozka ematea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea