Ekonomia -

Lan gatazka

Guggenheim Museoko hezitzaileen greba, prekarietatea salatzeko

Kontuak kontu, Guggenheim Museoak ateak irekiko ditu, grebak museoaren zati bati soilik eragingo diolako.

Bilboko Guggenheim museoa.
Bilboko Guggenheim museoa.
Museoetako azpikontratek lan baldintza txarrak salatzen dituzte

1:31

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Guggenheim Museoko Hezitzaile eta Orientatzaile taldeak, ManpowerGroup Solutions enpresak azpikontratatuak, greba egin du gaur pairatzen duten "prekarietatea eta ezegonkortasuna" salatzeko.

Museoaren parean emandako prentsaurreko batean, "egoera lotsagarri" horri amaiera emateko eskatu diete Patronatuari eta Eusko Jaurlaritzari. "Kalitate eta bikaintasun baldintzak titaniotik barrura ere ezartzeko eskatzen diogu Bilboko Guggenheim Museoari, hezkuntza zerbitzua bere gain hartzen duen enpresa dena delakoa izanda ere", adierazi dute.

'Stop Precariousness Guggenheim' lelopean, hezitzaileek kartelak egin dituzte gazteleraz, ingelesez eta euskaraz "hezkuntza hemen esperimentala da" salatzeko. #sabiasque hastag-pean, orain museoan "bekarioak ez, prekarioak" daudela azaldu dute.

Langileen ordezkariek esan dute 18 pertsonako lantaldea dela, eta "kualifikazio altukoak" direla, "erakundearen ikur diren kalitatea eta bikaintasuna betetzeko", baina Museoak ez dietela halakorik aitortzen.

Lan-baldintza "ezegonkorretan" daudela azpimarratu dute; izan ere, "ez dago subrogazio klausularik, eta urtero edo bi urtean behin, luzapena lortuz gero, esleipenak baldintza txarragoetan egiten dira, enpleguaren kalitatearen kaltetan".

"Ez gara esperimentalak eta ez ditugu unean uneko jarduerak bakarrik egiten, Museoren prentsa ofizialak dioen moduan. Duela urte batzuetatik hezkuntza egitarauak aurrera eramaten dituztenak gara”, kritikatu dute.

Gainera, museoaren aldetik "inolako konpromiso edo erantzun irmorik ez" dutela jaso argitu dute, baina Patronatuarekin "negoziatzeko" prest daudela. "Enpleguaren kalitatearekin lotutako konpromisoak saihestea eta pasibotasuna ez dira museoak bilatzen duen bikaintasunerako bideak. Gaur greba eguna da, titaniotik kanpo prekarietatea salatzeko eguna", azaldu dute.

Langileek 5,35 euro gordin jasotzen dituzte orduko oinarrizko soldata gisa, eta 12,3 euro gordinera irits daiteke hainbat gehigarrirekin. Gainera, "jai egunetan edo gauez lan egitea" ez zaiela saritzen adierazi dute.

"Gure soldata oso gutxitan gerturatzen da gutxieneko soldatara, lan egindako orduetara mugatzen baita, eta kopurua ez da inola ere egonkorra", langileen arabera.

Kontuak kontu, Guggenheim Museoak ateak ireki ditu grebak museoaren zati bati soilik eragingo diolako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Guggenheim Bilbao museoaren erakusketak Gaurko albisteak Bizkaia Grebak gaur Lana albisteak Ekonomia albisteak Gaurko azken orduko albistea