Ekonomia -
Lantegiaren itxiera
Zumarragako ArcelorMittaleko 85 langile Asturiasera joango dira
Halaber, 21ek erretiro aurreratua hartuko dute, 8 Zumarragako txatarra parkea kudeatzen geldituko dira eta gainerakoek kalte ordaina jaso eta enpresa utziko dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zumarragako ArcelorMittaleko 85 langilek Avilesko eta Gijongo lantegietara joatea onartu dute, multinazional indiarrak langileei beren etorkizunari buruzko erabakia zuzendaritzari jakinarazteko epea atzo amaitu ostean.
ArcelorMittaleko iturriek EFE albiste agentziari azaldu diotenez, 85 langile Asturiasko lantegietara joango dira, 209k enpresa utzi eta kalte-ordaina jasoko dute, 21k erretiro aurreratua hartuko dute eta beste 8 Zumarragako txatarra parkea kudeatzen geldituko dira.
Enpresa uztea erabaki duten 209 langiletatik 187k ArcelorMittaleko behargin izateari utzi diote dagoeneko eta beste 22k -giza baliabideetako eta lantegiko zigilatze lanetan ari direnak-, ostera, Zumarragako lantegiaren itxiera kudeatu ostean utziko dute lantegia.
Kaleratzea aukeratu duten langileek kalte-ordaina jasoko dute; zehazki, 45 egun 2012ea arte lan egindako urte bakoitzaren truke eta 33 urte, berriz, hortik aurrerako urteengatik.
Asturiasera joango diren langileak La Tobako (Asturias) formazio zentrotik pasatuko dira eta, horien konpetentziak ebaluatu ostean, lanpostu berriak esleituko dizkiete. Azaldu dutenez, Zumarragan egiten zutenaren antzeko funtzioetan jartzea da asmoa.
Enpresak beren etorkizunari buruzko erabakia zuzendaritzari jakinarazteko epea amaituta, ArcelorMittalek itxitzat eman du Zumarragako lantegiaren itxieraren harira langileekin abiatutako negoziazio prozesua.