Ekonomia -
Euskadi
Langabezia-tasak (% 13,9) behera egin du EAEn bigarren hiruhilekoan
Lurraldeka, langabezia egonkor dago Araban, % 14,5ean, % 0,3 egin du behera Bizkaian (% 15,7an kokatu da), eta % 1,2 murriztu da Gipuzkoan, % 10,7an kokatuta.
Agencias | Redacción
Langabezia-tasa % 13,9an kokatu da Euskadin. Ondorioz, langabeziak behera egin du urteko bigarren hiruhilekoan. Lehen hiru hilabeteetan baino bost hamarren gutxiago dira. Hala, okupazioak % 1 egin du gora (9.300 pertsona gehiago), lehen hiruhilekoarekin alderatuta.
Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) gaur eman ditu jakitera datu horiek, eta Euskadin 903.900 behargin lanean ari direla nabarmendu du.
Lurraldeka, langabezia egonkor dago Araban (% 14,5ean), % 0,3 egin du behera Bizkaian (% 15,7an kokatu da), eta % 1,2 murriztu da Gipuzkoan (% 10,7an dago orain).
EAEk % 57,3ko jarduera-tasa du, aurreko hiruhilekoan baino bi hamarren gehiago.
146.100 langabe
Guztira, 146.100 langabe zenbatu ditu inkestak, aurreko hiruhilekoan baino 4.600 gutxiago. Langabezia-tasa % 14,2koa (% 0,5 txikiagoa) da orain gizonezkoen artean, eta % 13,6koa (% 0,5 txikiagoa) emakumezkoen artean.
Gazteen langabezia-tasak oso handia izaten jarraitzen du: % 31,8koa. Hala ere, % 2,3 egin du behera. 16 eta 24 urte arteko 14.800 gazte daude langabezian.
Bestalde, okupazioak 0,9 egin du gora, eta % 65,7an kokatu da bigarren hiruhilekoan. Gizonezkoen % 68,8 eta emakumezkoen % 62,5 daude lanean.
Gipuzkoak du okupazio-tasarik handiena (% 67,6), % 1,4 egin baitu gora (4.100 landun gehiago); Arabak % 65eko tasa du, baina % 1 egin du behera (2.300 landun gutxiago); eta Bizkaiak du tasarik txikiena, % 64,7koa, baina puntu bat egin du gora azken hiruhilekoan (7.700 landun gehiago).
Zerbitzuen sektoreak izan du hazkunde handiena (10.400 langile gehiago ditu), eta eraikuntza (2.200 gehiago) eta lehen sektorea (700 gehiago) agertzen dira zerrendan jarraian. Industriak, ostera, ez du bilakaera positiboa izan, eta 4.000 behargin gutxiago ari baitira sektore horretan lanean.
53.500 etxe lanik gabe
EAEko 872.400 etxebizitzetako 483.100 etxetan aktibo dauden pertsona guztiak daude lanean; aurreko hiruhilekoan baino 1.400 familia gehiago. 53.500 etxetan (% 5,8), berriz, pertsona aktibo guztiak langabezian daude.
Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, Euskadik 834.300 afiliatu ditu, eta horietatik % 98,3 lanean daude.
Azkenik, langabeen % 30,6 ez daude Lanbiden izena emanda, gaur kaleratutako datuen arabera. Horrela, 135.200 langabek eman dute izena Lanbideko bulegoetan.