Ekonomia -
Balantzea
BBK Live jaialdiak 19,5 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du Bilbon
Guztira, 102.865 ikusle izan dira, aurreko edizioan baino 17.135 pertsona gutxiago.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilbao BBK Live musika jaialdiak ia 19,5 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du Bizkaiko hiriburuko negozioetan, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Uztailaren 7tik 9ra ospatutako jaialdian 60 musika talde baino gehiagok hartu zuten parte eta, guztira, 102.865 ikusle bildu ziren, aurreko edizioan baino 17.135 pertsona gutxiago.
Etekin gehienak ostalaritzan, hoteletan eta garraio sektorean izan dituzte. Agertokien muntaian aritzen diren enpresek eta edarien eta elikagaien hornitzaileek ere atera dituzte etekinak.
Antolatzaileek (Last Tour eta Bilboko Udala) aitortu dute jaialdiak ez duela eragin bera izan komertzio txikietan. Hala ere, etorkizunean sektore horrek ere onurak izango dituenaren itxaropena agertu dute.
Ikusleen jatorriari dagokionez, gehienak (% 22,8) bizkaitarrak izan dira. Ingelesak parte-hartzaileen % 15,5 izan dira; madrildarrak, % 11; katalanak, % 10,5; eta frantziarrak, % 10.
Kataluniatik etorritako ikusleen kopuruak % 2,8ko gorakada izan du.
Kanpotik etorritako lagunei esker, Destino Bilbao elkartearen baitako hoteletan okupazioa % 83koa izan da. Ostatuetan, berriz, okupazioa % 98,8koa izan da.