Ekonomia -

Greba mugagabea

Arte Ederretako langileen eta enpresaren arteko negoziazioa, geldituta

Manpower Groupeko beharginek soldata igoeraren inguruko beste eskaintza bat helaraziko diote zuzendaritzari. 37 egun daramatzate greban.

Hondartzako 'txiringito' batean zeudela iradoki dute langileek gaurko protestan. EFE
Hondartzako 'txiringito' batean zeudela iradoki dute langileek gaurko protestan.
Arte Ederren Museoko langileek 37 egun daramatzate greban

1:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Arte Ederren Museoan azpikontratatuta lan egiten duten langileen eta Manpower Group enpresaren arteko negoziazioak ez atzera ez aurrera daude, 37. greba eguna betetzen den honetan. Egoera desblokeatu nahian, enpresari beste eskaintza bat egingo diote aurki langileek.

Hala iragarri du gaur Juan Jose Capetillo langileen bozeramaileak. Soldata eta baldintza "duin" batzuk eskatzeko greba mugagabea abiatu zuten beharginek maiatzaren 16an. Lanuztearen ondorioz, Museoa itxita dago, eta herritarrek eta turistek ezin izan dute hiperrealismoari eskainitako erakusketa, uda garaiko nagusia, ikusi.

Capetilloren esanetan, negoziazioa geldituta dago, baina ez etenda. Enpresak eskaintza egin zien joan den astean, baina langileek baztertu egin zuten. Orduko 0,25 zentimoko igoera proposatu zien zuzendaritzak, euren helburutik dezente urrun dagoen proposamena.

Langileek hilean 1.200 euroko soldata garbia eskatzen dute, 14 pagatan, baina prest daude datozen hiru urteetan progresiboki jasotzeko igoera hori.

Hori da, hain justu, enpresari helaraziko dioten eskaintzan jasoko duten proposamena. Hori onartuz gero, 2016an, igoeraren % 40 jasoko lukete (gaur egun kobratzen dutenaren eta 1.200 euroko soldataren artean dagoen aldearen % 40); 2017an, beste % 40; eta 2018an, gainerako % 20a.

Capetilloren hitzetan, "astean 40 orduz, astelehenetik igandera, jaiegunak barne, lan egiten duen batentzat hilean 1.200 euro eskatzea ez da gehiegikeria, ez dut uste inor hori esaten ausartuko denik. Soldata duina da hori guretzat, eta hortik beherakorik ez dugu onartuko".

Erakundeekin, krtiko

Enpresarentzat ez ezik, Museoaren jabe diren erakundeentzat (Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Jaurlaritza) ere hitz gogorrak izan ditu Capetillok. "Oporretan" bezala daude, "arazoa eurena izango ez balitz moduan, baina Museoak 37 egun daramatza itxita", deitoratu du.

"Erantzukizunak saihestu" nahi izatea egotzi die langileen ordezkariak, eta gatazka konpontzen laguntzeko eskatu die. Izan ere, horrek azpimarratu duenez, "hiperrealismoaren artelanak Alemaniara itzul daitezke inork ikusi gabe, eta muntaiak eragindako gastuak ordainduta, gainera".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana albisteak Artea gaur Ekonomia 2024 Bilboko Arte Ederren Museoko erakusketak Lan gatazkak gaur