Ekonomia -
Defizita murrizteko
Atzeratu egin dute legebiltzarkideen soldata murrizteko proposamena
PSEk atzo aurkeztu behar zuen soldatak % 15 jaisteko proposamena, baina azkenean ez zuen halakorik egin. Lehenengo EAEko gainerako erakundeekin hitz egin behar dela uste dute.
Euskadi Irratia
Astelehenean PSEk legebiltzarkideen soldatak % 15 jaisteko proposamena Legebiltzarreko Mahaira eramango zuela esan zuen, baina azkenean ez zuten horrelakorik egin. Beraz, oraingoz, legebiltzarkideen soldatak ez dira jaitsiko.
Sozialistek orain diote Legebiltzarrean neurri hori hartuta aurreztutako diru kopurua oso txikia litzatekeela, eta EAEko gainerako erakundeekin hitz egin behar dela lehendabizi.
Ildo beretik, Arantxa Quiroga Legebiltzarreko presidenteak uste du ez dela "lasterketa bat soldatak nork jaitsi lehenago" eta "legebiltzarkideen lana baloratu behar dela" eta "bidezko soldata" eman behar zaiela iritzi dio.
Barredak kritikatu egin ditu sozialistak
Leopoldo Barreda PPren bozeramaileak sozialistek popularren taldean sortu duten "atsekabe handia" salatu zuen eta azpimarratu zuen PSEk ez zuela proposamenik egin "ez Legebiltzarreko mahaian ez Bozeramailean Batzordean".