Ekonomia -
Bilera Bruselan
Espainiaren aurrezteko egitasmoa "ausarta" dela uste du Euroguneak
Euroguneko ekonomia eta finantza ministroek banketxeen transakzioei zerga bat ezartzea proposatuko dute. Bestalde, gaur emango diote Greziari laguntzaren zati bat, 20.000 milioi euro.
Erredakzioa
Aurrezteko Espainiako Gobernuak iragarritako neurriak laudatu ditu gaur Jean-Claude Juncker Euroguneko presidenteak, eta "ausartak" direla esan du, baina ekainean, Europako Batzordeak egin beharreko ebaluazioari itxaron behar diotela erantsi du, neurri gehiago behar diren ala ez jakiteko.
"Espainiako Gobernuak hartutako neurriak ausartak izan dira. Asmo handiko neurriak dira. Baina ekainera arte itxaron beharko dugu, Batzordearen txosten baten zain, neurriak norabide onean badoaz jakiteko eta nahikoak direla ziurtatzeko", esan du Junckerrek.
Euroguneko Ekonomia ministroek bilera egin dute gaur Bruselan eta hasi baino lehen adierazpenak egin ditu Junckerrek. Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroak Gobernuaren herstura plana aurkeztu du, duela egun batzuk euroa blindatzeko mekanismoa onartu zen bileran EBko Ekonomia ministroek eskatu ostean.
Maiatzaren 9an, zenbait herrialdek (besteak beste, Alemania, Holanda eta Suedia) 30.000 milioi euroko murrizketak eskatu zizkioten Espainiari, EBk onartutako egonkortze egitasmoa sinesgarri egiteko. Salgadok ez du uste Espainiari esfortzu handiagoak eskatuko dizkiotenik.
Transakzioen gaineko zergaEuroguneko ekonomia eta finantza ministroek banketxeen transakzioen gaineko zerga bat ezartzeko aukera proposatzea adostu dute.
Europar Batasuneko Ekonomia eta Ogasun Ministroen Kontseiluaren bultzada berri bat jaso du zerga ezartzeko proposamenak. Junckerrek nazioarteko foroetan aurkeztuko du proposamena, krisia eragin duen finantza sektorea krisia gainditzeko lanean gehiago sar dadin.
Laguntzak Greziari
Bestalde, Olli Rehn Ekonomia komisarioak azaldu duenez, gaur desblokeatuko dute Greziari bideratutako laguntzen lehenengo sorta. 20.000 milioi euro izango dira, eta Europar Batasunak hiru laurdenak emango ditu, gainerakoa Nazioarteko Diru Funtsak.
Hori horrela, Greziak epe barruan, bihar baino lehen, finantzatu ahal izango du 10.000 milioi euroko zorra.