Ekonomia -
Langabezia
5.105 langabe gutxiago zenbatu dituzte ekainean EAEn eta Nafarroan
Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak beherakadaren balorazio positiboa egin dute, baina lanean jarraitzeko beharra azpimarratu dute.
Agentzia | Erredakzioa
5.105 langabe gutxiago zenbatu dituzte ekainean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan ekainean. Bosgarren hilabetez behera egin du langabeziak, hortaz, eta 184.083 pertsona daude lan barik Hego Euskal Herrian.
Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak ekainari dagozkion datuak eman ditu gaur. 2015eko ekaineko datuekin alderatuta, 15.733 pertsona gutxiago daude lan barik.
Lurraldeka, Gipuzkoan jaitsi da gehien langabezia 2015eko ekainarekin alderatuta. % 9,44 jaitsi da tasa, eta iaz baino 4.075 langabe gutxiago zenbatu dituzte. Segidan Araba eta Nafarroa agertzen dira portzentaje beherakada handienarekin: % 8,16 eta % 7,58 %, hurrenez hurren (2.104 eta 3.253 langabe gutxiago). Bizkaia da zerrendan azkena, % 7,16ko beherakadarekin (6.301 pertsona gutxiago Lanbideko bulegoetan izena emanda), betiere iazko datuekin alderatuta.
Ekainean lan gabe zeuden 184.083 pertsonetatik 12.174k 25 urte baino gutxiago zuten.
Estatuko datuei erreparatuta, langabe kopuruak behera egin du han ere, eta 124.349 langabe gutxiago zenbatu dituzte. Guztira, 3.767.054 pertsona daude langabezian, 2009ko irailetik zenbatutako kopururik txikiena. Izan ere, langabezia datuak ematen direnetik ekainean izandako beherakada handienetakoa izan da honakoa; handiena, duela hiru urte izan zen, orduan 127.248 langabe gutxiago zenbatu zituzten eta.
Gizarte Segurantzako afiliazioa
Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, gora egin du EAEn, eta ekainean 913.322 pertsona zeuden izena emanda, maiatzean baino 928 langile gehiago eta iazko ekainean baino 17.708 gehiago (%1,98), Ministerioaren arabera.
Nafarroan ere igo egin da afiliazioa: iazko hilabete berean baino 7.366 afiliatu gehiago zenbatu dituzte, % 2,86ko hazkundea, alegia.
Estutuan % 0,56 igo da afiliazioa maiatzeko datuekin alderatuta, eta % 2,92 iazkoekin erkatuta. Guztira, 17.760.271 langile daude Gizarte Segurantzan afiliatuta.
Gobernuen eta sindikatuen balorazioa
EAEn langabezia tasa jaitsi izana euskal lan merkatuaren "susperraldiaren seinale" da, Eusko Jaurlaritzaren hitzetan. Dena dela, joera hori alor eta sektore guztietan "berdina" ez dela deitoratu du, edota sinatutako kontratuen % 7,4 bakarrik direla mugagabeak.
Jaurlaritzak nabarmendu duenez, langabezian urtebete baino gehiago daramatenek eta 54 urte gorakoek dituzte zailtasun gehien lana topatzeko.
Nafarroako Gobernua ere pozik agertu da langabeziaren jaitsierarekin. Uxue Barkos Nafarroako presidenteak azpimarratu duenez, dena den, "datuak ez dira guk nahiko genituenak", eta "erne jarraitzeko" deia egin du.
Barkosen aburuz, ekaineko datuek "bide ona" adierazten dute, eta, beraz, "bide horretan lan egiten jarraitu behar dugu".
Sindikatuak kritikoago azaldu dira, eta prekarietatea, enpleguaren behin-behinekotasuna, eta langabeak "babesgabe" daudela salatu dute.
ELA sindikatuaren iritzian, gobernuek "lan barik dauden pertsonak abandonatu dituzte". ELAk emandako datuen arabera, langabeen % 62,4k ez dute langabezia-saririk jasotzen.
UGT-Euskadik nabarmendu duenez, bestalde, gaur egungo enplegua "aldi baterako kontratazio prekarioa oinarri duen eredu batean oinarritzen da eta iraunkor egiten ari da".