Ekonomia -
Bilboko Arte Ederren museoa
'Museoko lan-gatazka amaitzeko, instituzioek negoziatu behar dute'
Bilboko Arte Ederren Museoko langileek 23 egun daramatzate greban. Lan-gatazkari konponbidea emateko, Udalaren, Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzea eskatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko Arte Ederren Museoko langileek 23 egun daramatzate greban, soldatak igotzea eta lan-baldintzak hobetzea eskatzeko. Lan-gatazka konpontzeko aukera bakarra negoziazioan Bilboko Udalak, Bizkaiko Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak parte hartzea dela esan dute.
Langileen ordezkariak eta Manpower Group enpresaren ordezkariak atzo eta gaur bildu dira, Museoko Patronatuaren bitartekaritza lanari esker. Patronatua Udalak, Diputazioak eta Jaurlaritzak osatzen dute.
Nolanahi ere, batzuen eta besteen jarrerak oso aldenduta daude, eta, sindikatuen arabera, “lan-gatazkari soluzioa emateko arazorik handiena da negoziazio-mahaian hiru instituzioak eseri ez direla”.
Soldata modu progresiboan igotzea eskatzen dute langileek, “2018an 1.200 euroko ordainsaria izateko hilean”. Alabaina, “horretarako, lan-baldintzak aldatu behar dira, eta zerbitzua subrogatzeko lehiaketa berri bat deitu behar da, baina Patronatuko kideak negoziazio-mahaian ez daudenez, ezinezkoa da akordioa egotea”, azaldu dute langileen ordezkariek.