Ekonomia -
Polizia operazioa
ADIFeko 14 langile atxilotu dituzte, 83 milioiko gainkostuekin lotuta
Sagrerako (Bartzelona) geltokiko lanetan ustez izandako irregulartasunak argitzeko operazioaren baitan egin dira atxiloketak. Abiadura handiko trenaren lanetan 83 milioi desbideratu zirela uste dute.
Agentziak | Erredakzioa
Trenbide Azpiegituren Kudeatzaileak (ADIF) Madrilen eta Bartzelonan dituen bulegoak miatzen ari da Guardia Zibila, goizean goizetik.
Epailearen aginduz eta Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak koordinatuta, Bartzelonako Sagrera auzoko geltokiko lanetan ustez izandako diru desbideratzea argitzeko zantzu bila ari dira. Ikerketako iturrien arabera, 80 milioi euro baino gehiago desbideratu dira lan horietan. Abiadura handiko trenak Bartzelonan izango duen bigarren geltoki handiena da Sagreran eraikitzen ari direna.
Oraingoz, 14 pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak, denak ADIFeko langileak, diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita. Madrilgo eta Bartzelonako hamabost etxebizitza ere miatzen ari dira, batzuk partikularrak eta besteak Segrerako lanetan parte hartzen ari diren enpresen bulegoak, Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak agiri baten bidez jakitera eman duenez.
Ikertzaileen ustez, fakturak puzteko sare bat antolatu zuten Sagrerako lanetan parte hartzen ari diren zenbait arduradun eta enpresabururen artean. Trenbide enpresak berak ohartarazi zuen Guardia Zibila, Sagrerako geltokiko lanen kostuek izan zuten garestitzearen aurrean.
Argazkia: EFE
Operazio honetan, 20 atxiloketa baino gehiago egitea aurreikusi dute. Duela bi urte ere, ADIFen kontrako operazioa egin zuten, gainkostuekin lotuta, eta hamar lagun atxilotu zituzten, tartean, zuzendaritzako kideak.
Ikerketa
Bartzelonako epaile baten esku dago Sagrerako lanetan izandako ustezko irregulartasunen inguruko ikerketa, ADIFek Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzari igorritako txosten ekonomiko batzuk abiapuntutzat hartuta. Agiri horietan, ADIFek irregulartasun zantzuen berri eman zion fiskalari.
Madrilgo Titan kalean trenbide enpresak duen egoitza eta Batzelonako Sagrera auzokoa ari dira miatzen. Bulego horietan, besteak beste, abiadura handiko trena eraikitzeko lanak kudeatzen dituzte.
ADIFen arduradunek agiriak faltsutzearen truke dirurik jaso zuten ere ari da ikertzen fiskala. Hala, diru publikoa bidegabe erabili zuten argitzeaz gain, eroskeria delitua egon den ere ari dira aztertzen.
Ustezko sarea osatzen zutenen artean, ADIFko arduradun ohi bat dago, 2014ko operazioan ere atxilotutakoa. Izan ere, gaurko operazioa duela bi urtekoaren jarraipena da.