Ekonomia -

Epsilon auzia

'Jaurlaritzak ez zuen eragozpenik agertu kirol saila saltzeagatik'

Villadelpraten esanetan, ez bankuak ezta Eusko Jaurlaritza ere ez ziren automobilismo proiektuaren kirol saila salgai jartzearen aurka agertu.

Epsilon kasuaren epaiketa penala hasi da

1:12

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan Villadelprat Epsilonen administratzaile ohiaren arabera, ez bankuak ezta Eusko Jaurlaritza ere ez ziren automobilismo proiektuaren kirol saila salgai jartzearen aurka agertu, eta 23 lanpostuei eusteko konponbiderik onena bilatu nahi izan zuen horrela.

Villadelpratek gaur, astelehena, deklaratu du, bere eta Mark Payne Epsilonen finantza zuzendariaren aurka Arabako Probintzia Auzitegian hasi den epaiketan, Epsilonen kirol saila Epic Racing Paynek sortutako eta Epsiloneko 23 langilek osatutako taldeari saltzeagatik, hartzekodunen aurrekonkurtsoa aurkeztuta zegoenean.

Josu Izagirre Arabako Probintzia Auzitegiko fiskalburuak zortzi urteko kartzela zigorra eskatu du bientzat, sozietate delitu bat eta kaudimengabezia zigorgarria egotzita.

Izagirrek eutsi egin dio bere bertsioari. Horren arabera, Epsilonen kirol saila eta Epsilonen aktiboaren % 80 aditu talde batek ezarritako prezioan (1.099.236 euro) baino merkeago saldu zion Epic Racingi, 200.000 euroren truke.

Fiskalaren arabera, salmenta horrekin Epsilonen "zutabea" haustu zuten. Enpresa horrek 48 milioi euro jaso zituen, diru-laguntza publikoen bidez. Operazio horrekin, edukiz hustu zuten enpresa, eta hartzekodunek zuten dirua jasotzeko itxaropena erabat zapuztu zen.

Bigarrena Villadelpratentzat

Villadelpraten bigarren epaiketa da hau, auzi berarekin lotuta. 2013an, Gasteizko Merkataritza Arloko 1. Epaitegiak errudun jo zuen, eta hiru urteko inhabilitazioa eta 900.000 euroko isuna ezarri zizkion.

Epaiaren arabera, enpresari kataluniarrak konpainiaren kaudimengabezia areagotu zuen konpainia hartzekodunen konkurtsora atera baino lehen, iruzur eginez.

Kartzela eskariaz gain, Fiskaltzak 914.000 euro inguruko kalte-ordaina eskatzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Epaiketak bideoak Ekonomia 2024 Gaurko azken ordukoa