Ekonomia -

Defizitaren aurkako plana

Europako Batzordeak txalotu egin ditu Zapateroren neurriak

Olli Rehn Europar Batasunaren Gai Ekonomikoetarako komisarioak, hala ere, ez du behin betiko baloraziorik egin nahi neurri-sortaren azterketa zehatza egin arte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Olli Rehn Europar Batasunaren Gai Ekonomikoetarako komisarioak adierazi du Espainiako Gobernuak aurrekontuak doitzeko iragarri dituen neurriak "norabide onean doazela" dirudiela.

Komisarioak prentsaurreko batean azaldu duenez, hala ere, ez du behin betiko baloraziorik egin nahi izan Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak iragarritako neurrien azterketa zehatza egin arte.

"Espainiak neurriak iragarri ditu gaur goizean, soldaten, pentsioen eta inbertsioen murrizketa tarteko, eta aldaketak zerga alorrean. Neurriak norabide onean doazela dirudi, baina Batzordeak neurriak zehatz mehatz ezagutzen dituenean egingo du balorazioa", adierazi du Gai Ekonomikoen komisarioak Zapateroren neurriei buruz galdetu diotenean.

Europar Batasuneko Ekonomia ministroek "eztabaida sakona" egingo dute datorren maiatzaren 18an Zapateroren neurriei buruz eta Portugalek datozen egunetan iragarriko dituen neurriei buruz. Dena dela, bi neurri sortak berriro aztertuko dituzte ekainean, Rehenek argitu duenez.

27ek iragan igandean onartu zuten egonkortasunerako paketearen "ezinbesteko osagaia" omen da defizita murriztea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea