Ekonomia -

Defizita

FMI: "Espainiak are gehiago doitu beharko lituzke zerga politikak"

Bestalde, erakundearen hainbat ordezkari Espainiara joango dira aste honetan, defizita murrizteko Gobernuak abiatutako neurriak aztertzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko Diru Funtseko (FMI) ''bigarrena''k, John Lipskyk, adierazi du Espainiak eta Portugalek zerga politikak gehiago doitu beharko dituztela.

Kazetariek bi herrialde horiek defizita are gehiago murriztu beharko duten galdetu diote, eta hark zera erantzun du: "Bai, baina ez Portugalek eta Espainiak bakarrik. Hurrengo urteetan ekonomia aurreratu guztietan zerga doikuntza iraunkorra egitea beharrezkoa izango da".

Lipsky kazetari batzuekin batzartu da bere bulegoan. Bere esanetan, Iberiar Penintsulako herrialdeek doikuntza neurri gehiago aurkeztu beharko dituzte asteon Europar Batasuneko Ekonomia ministroen aurrean.

Espainiako Gobernuak hurrengo bi urteetan defizit publikoa beste 15.000 milioi eurotan murrizteko konpromisoa eramango du Bruselara.

Horrela, haren zenbaki gorriak Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 9,3koak izango dira aurten, eta %6,5ekoak 2011n.

Euroguneko estatu kideak erreskatatzeko sortutako funtsari dagokionez, Lipskyk esan du konpondu egingo duela euroguneak krisiei aurre egiteko mekanismoen "anbiguotasuna", baina ez, ordea, "sakoneko arazoa", hots, defizit handiak.

"Finantziazioa emateak ez du konponbidea ekarriko", gaineratu du ekonomialari estatubatuarrak.

FMIko ordezkariak, Espainian

Bestalde, aste honetan erakundearen ordezkari talde bat Madrilera joango da, defizita murrizteko Gobernuak hartutako neurriak aztertzeko.

Seguru aski, adituak bi astez izango dira Espainian.

Epe horretan, Exekutiboko ekonomia arduradunekin eta Espainiako Banku Zentraleko ordezkariekin batzartuko dira.

Nolanahi ere, tankera honetako bisitetan enpresaburuen eta langileen ordezkariekin eta aditu independenteekin ere bildu ohi dira.

Ondoren, txosten bat egingo dute Batzorde Betearazlearentzat (24 zuzendari dituen eta 186 estatu kideak ordezkatzen dituen organo bat). Hurrengo hilabeteetan, erakundeak Espainiari buruzko saio bat egingo du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea