Ekonomia -

Gobernu bilera

Eusko Jaurlaritzak 38,5 milioi bideratuko ditu langabeak trebatzera

Zatirik handiena, 33 milioi euro, enplegagarritasuna eta laneratzea areagotzera bideratuko ditu, eta langabeek lehentasuna izango dute.

Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburua. Artxiboko irudia: EiTB
Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburua. Artxiboko irudia: EiTB
Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburua. Artxiboko irudia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 38,5 milioi euro bideratuko ditu aurten Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) lanik gabe dauden 17.500 pertsona trebatzera eta horiek merkatuan duten posizioa hobetzera.

Jaurlaritzaren gaurko Gobernu Bilerak Lanbideren diru-laguntza horiei buruzko deialdia argitaratzeko baimena eman du. Aipaturiko diru-laguntza horiek enplegurako trebakuntzarako ordenamendu berrira egokituko dira.

Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak diru-laguntza horien inguruko xehetasunak eman ditu Gobernu Bileraren osteko prentsaurrekoan. 2016ko deialdian, hiru motatakoak izango dira: kontratazio-konpromisoa barne hartzen dutenak, proiektu berezietan sartzen direnak eta gainerako ekintzak.

Kontratazio konpromisoei dagokienez, enpresek ikastaroetan parte hartzen duten guztietatik gutxienez erdiak sei hilabetez jarraian kontratatzeko konpromisoa hartu beharko dute, kontratua lanaldi osokoa bada; urtebetez, lanaldia % 50ekoa baldin bada; edo epe proportzionalean, lanaldi partziala % 50etik gorakoa bada.

Tokiko edo sektoreko proiektuetarako prestakuntza ekintzak bultzatzeko diru-laguntzak ere bideratu ditu Jaurlaritzak. Toñak azaldu duenez, proiektu horiek erakunde arteko hitzarmenetan edo Europar Batasunak onartutako planetan oinarrituta egongo dira, eta langabeen enplegagarritasuna modu integralean hobetzea izango dute helburu.

Jaurlaritzak 5,5 milioi euroko aurrekontua du aipaturiko bi diru-laguntza horietarako.

Bestalde, diru-laguntzen zatirik handiena (33 milioi euro) enplegagarritasuna eta laneratzea areagotzera bideratuko da, eta langabeek lehentasuna izango dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia 2024 Eusko Jaurlaritza albisteak EAE Lana berriak Ekonomia albisteak Gaurko azken ordukoa