Ekonomia -
Auzitegi Nazionala
300.000 euroko bermea jarri diote Mario Conderi kartzelatik irteteko
Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak ez du uste bankari ohiak ihes egiteko arriskurik dagoenik, ezta ikerketa oztopatuko duenik ere.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak 300.000 euroko bermea ezarri dio Mario Conde bankari ohiari kartzelatik irten ahal izateko. Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak ez bezala, Pedraz epaileak ez du uste bankari ohiak ihes egiteko arriskurik dagoenik, ezta ikerketa oztopa dezakeenik ere. Conde apiriletik dago kartzelan, 13,06 milioi euro zuritzeagatik.
Mario Conde libre geldituko da 300.000 euroko bermea ordainduta. Halere, epaileak kautelazko neurriak jarri dizkio; astean behin epaitegietan aurkeztu beharra, pasaportea erretiratzea, Espainiatik ateratzeko debekua eta eguneko 24 orduetan lokalizatuta egon beharra.
Conderen defentsako abokatuak azaldu duenez, dirua biltzen ahalegintzen ari dira, Banesto bankuko presidente ohia Soto del Realeko espetxetik lehenbailehen atera dadin.
Epailearen esanetan, askatasun erregimenak ez du arriskuan jarriko abian den ikerketa. Epaileak sumarioaren gaineko sekretua altxatu zuen hilabete honen hasieran, eta, Mario Conderekin batera, dozenaka lagun ageri dira bertan, haren senide eta langileak tartean.
Mario Conde kartzelatik irteten denean, Alejandra Conde alaba izango da auzi honetan preso (etxeko atxiloaldian) jarraituko duen bakarra. Aurreko astean, Francisco Javier de la Vega abokatua atera zen espetxetik, 100.000 euroko bermea ordainduta.