Ekonomia -

Inkesta

Langabezia eta krisi ekonomikoa, gipuzkoarren kezka nagusiak

Bestalde, Unidos Podemosek irabaziko lituzke ekainaren 26ko hauteskundeak Gipuzkoan, eta udazkeneko autonomikoak, berriz, EAJk.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Langabezia dute arazo nagusi gipuzkoarrek Aldundiaren inkestak dioenez

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langabezia eta krisi ekonomikoa dira gipuzkoarren buruko minik handienak (% 64,5), Gizaker enpresak Aldundiarentzat egindako inkestaren arabera. Krisi ekonomikoarekin batuta, hamarretik zazpik dute arazo nagusitzat. Zaborren kudeaketa eta erraustegiaren gaia dira ondoren (% 10).

Krisian ez aurrera ez atzera gaudela uste dute Gipuzkoan hamarretik seik. Hala ere, Espainiaren aldean Gipuzkoa hobeto dagoela uste dute gehienek. Hamarretik seik uste dute Bizkaia Gipuzkoa baino egoera ekonomiko hobean dagoela.

Hauteskunde orokorrak

Politika kontuak ere galdetu ditu inkestak, eta hauteskunde orokorretarako zein autonomikoetarako boto-asmoaz eta buruzagi politikoen balorazioaz itaundu die herritarrei.

Inkestaren arabera, Unidos Podemosek irabaziko lituzke hauteskunde orokorrak lurralde honetan, botoen % 29,3rekin (abendukoetan % 28,3koa izan zen IUk eta Podemosek eskuratutako botoak ehunekotan). Koalizioak bi diputatu lortuko lituzke, duela sei hilabete bezala.

Jeltzaleek ere bi eserleku erdietsiko lituzkete, eta botoen % 24,1 (abenduan, % 23,6). Igoera hori EH Bilduren kaltetan lortuko luke EAJk. Koalizio abertzaleak botoen % 20,8 eskuratuko lituzke (abenduan baino % 0,2 gutxiago).

EAEko hauteskundeetan, aldiz, EAJk irabaziko lituzke, botoen % 25,5 lortuta. Bigarren indarra Gipuzkoan EH Bildu izango litzateke (% 18,9). Hirugarren tokian Podemos geratuko litzateke, baina oso urrun, bozen % 5,7 eskuratuta. Gauza bera gertatuko litzaioke PSE-EEri, diputatu bakarra lortuko bailuke, bozen % 13,9 eskuratuta.

Borja Semperrek (PP), berriz, babesak galtzen jarraituko luke, eta % 8,8tik % 7,5era jaitsiko litzateke.

EAEko hauteskundeak

EAEko hauteskundeetan, EAJk orain dituen 9 legebiltzarkideei eutsiko lieke, boto gehiago (% 32tik % 33,5era) jaso arren. EH Bilduk, aldiz, bi legebiltzarkide (9tik 7ra) eta sei puntu galduko lituzke (% 32,2tik % 26,2ra).

Hauteskunde hauetan, Podemosek, Ezker Batua gabe, 5 legebiltzarkide izango lituzke, botoen % 17,6 eskuratuta.

Porrot handiena PSE-EEk jasango luke, 8,6 puntu galduta, 5 legebiltzarkide izatetik 3 izatera pasatuko litzatekeelako.

Alderdi Popularrak botoak galtzen jarraituko luke Gipuzkoan, inkesta horren arabera, eta legebiltzarkide bakarra lortuko luke, aurreko hauteskundeetan baino bi puntu gutxiago. Hori horrela, bi legebiltzarkide izatetik bakarra izatera igaroko litzateke.

Orokorretarako hautagaien inguruan galdetuta, zehazki Gipuzkoan aurkeztutako zerrendaburuen inguruan, Odon Elorza da ezagunena (% 93) eta notarik altuena jaso duena, 5,9 puntu. Ondoren, Joseba Agirretxea dago zerrendan, 5,54 punturekin, Marian Beitialarrangoitia (5,5), Nagua Alba (5,1) eta Borja Semper (4,04).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Langabezia 2024 Albisteak Gipuzkoa Ekonomia berriak Albisteak