Ekonomia -
Hegoaldeko autobideak
Autobideen erabiltzaileek laguntzak jaso ditzakete
Diputazioek diru-laguntzak ematen dizkiete autobideen ohiko erabiltzaileei.
eitb.eus
Bizkaiko Aldundiak atzo iragarri zuenez, AP-8 autobidea, Artxandako tunelak eta Hegoaldeko Saihesbidea erabiltzen duten bizkaitarrek 30 euro ordainduko dituzte gehienez hilean.
Diru-laguntza horiek 2017ko urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean, baina EAEko gainerako lurraldeetan eta Nafarroan ere antzeko laguntzak daude jada.
Araban, % 50eko beherapena egiten diete hilean autobideetatik 25 bidaia edo gehiago egiten dituzten erabiltzaileei. Lurralde horretan, AP-68 eta AP-1 autobideak dira ordainpekoak, eta lehenengo horren ardura Estatuaren esku badago ere, Arabako Foru Aldundiak bien erabiltzaileei ematen die laguntza.
Gipuzkoan, Abiatu sistema jarri zuten indarrean duela urte eta erdi. Horren arabera, gehienez ere 28,43 euro ordaintzen dituzte hilean Gipuzkoako erabiltzaileek. Laguntza hori, baina, ibilgailu arinen gidariei zuzenduta dago.
Nafarroan, berriz, autobide bakarrean daude ordainlekuak: AP-15 autobidean. Gaur egun, % 20ko beherapenak egiten dizkiete hilean autobide horretan 12-28 bidaia egiten dituztenei; % 40koa, hilean 29-36 egiten dituztenei; eta % 60koa, 36tik gora egiten dituztenei. Gainera, itzulikoa 72 ordu igaro baino lehen egiten bada, doakoa da.