Ekonomia -
Greziari laguntzeko plana
Espainiak, Italiak eta Alemaniak diru-laguntzak onartu dituzte
Zapateroren Gobernuak ia 9.800 milioi euro bideratuko ditu horretara.
Erredakzioa
Greziari 9.800 milioi euro baino gehiago ematea onartu du Espainiako Gobernuak.
Greziari 9.794 milioi euro emateko dekretua onartu du Ministroen Kontseiluak ostiral honetan.
Egunean zehar, euroguneko herriek Greziari eman beharreko diru-laguntzak baimendu dituzte, hala nola, Frantzia (16.800 milioi euro), Alemania (22.400 milioi euro) eta Italia (14.800 milioi euro).
Euroguneko herrien eta Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) artean, 110.000 milioi euro emango dizkiote Greziari neurriz gaineko zorrari aurre egiteko.
110.000 milioi euro horietatik, 80.000 milioi euro moneta bakarra erabiltzen duten herriek emandako maileguak izango dira; gainerako laguntza NDFk emango du.
"Elkartasun eta erantzukizun arrazoiengatik"
Maria Teresa Fernandez de la Vega lehen presidenteordeak Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan esan duenez, Greziari laguntzeko dekretua baimendu dute "elkartasun eta erantzukizun arrazoiengatik".
Espainiak emandako diru kopurua Europako Banku Zentralean duen pisuaren araberakoa da; beraz, 9.794 milioi euro emango dizkio Greziari datozen hiru urteetan, horietatik, 2010ean 3.672 jasoko ditu Atenasek.
Europar Batzordeak kredituak kudeatzeko eta horien baldintzak zehazteko bi erabaki adostu dituzte.
Joan den asteburuan euroguneko Ekonomia ministroek Grezia hondamena saihesteko erreskate plana abian jartzea erabaki zuten.
Diru-laguntza hauen ordainez, Greziak zerga-doikuntza eta oinarrizko erreformak abiatzeko konpromisoa hartu du, BPGaren defizit publikoa % 13,6tik % 3ra jaisteko 2014an.