Ekonomia -

Greziako krisia

Defizita murrizteko neurriak har ditzala eskatu dio NDFk Espainiari

Greziako krisiaren eragina pairatzen duten herrialdeei (Espainia, Irlanda eta Portugal) neurri ekonomikoak ahalik eta azkarren abiatzeko gomendatu die.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziako merkatuen krisiaren eragina gehien nabaritu duten herrialdeei defizitari aurre egiteko neurriak egokitzeko eskatu die gaur Nazioarteko Diru Funtsak. Hain justu, Espainia, Irlandan eta Portugal aipatu ditu Carolone Atkintson erakundeko bozeramaileak.

Atkinsonek nabarmendu duenez, Espainiak dagoeneko aurkeztu du bere plana, baina orain praktikara eraman behar du ahalik eta azkarren defizita murrizteko.

"Oinarrizko pausu horiek baliteke merkatuentzako garrantzitsuak izatea", esan du bozeramaileak prentsaurreko batean.

Greziako krisiak Espainiari eragin dio, nahiz eta Estatuko zorra Europarena baino txikiagoa izan. Espainiaren defizita, ostera, oso handia da eta hazkunde aurrikuspenak EBko gainerako Estatuenak baino negatiboagoak dira.

"Kontu publiko zailak dituzten herrialdeei neurriak azkar hartzea eta martxan jartzea eskatu diegu, defizita murriztu dezaten", adierazi du Atkinsonek.

Europako Estatu "gehienak" Grezia baino egoera hobean dira, Atkinsonek azpimarratu duenez, zor gutxiago dutelako, finantza publiko hobeagoak eta zenbaki ekonomiko fidagarriak dituztelako.

Eurogunea eta NDF Greziarekin akordio batera heldu dira, hiru urtetan zehar 110.000 milioi euroko mailegua emateko.

Ituna euroguneko buruzagiek berretsi beharko dute ostiralean, Bruselan. Bien bitartean, NDFko Kontseilu Betearazleak igandean oniritzia eman beharko dio.

Urte eta erdian Greziak izan ditzakeen finantza beharrizanak asebeteko dituzte fondoek, Atkinsonek azaldu duenez. Ondoren Grezia nazioarteko merkatuetara itzuli beharko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea