Ekonomia -
Smithsonian Folklife Festival
30 bat enpresak euskal eredu ekonomikoa erakutsiko dute AEBn
“Euskal enpresek atzerrira ateratzeko zein inbertitzaileak eta enpresak Euskadira erakartzeko politikak” bultzatzearen aldeko apustua egin du Tapiak.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek enpresen misio bat antolatu dute Smithsonian Folklife Festivalera joateko. Hala, 30 bat enpresak EAEko eredu ekonomikoaren indarra erakutsiko dute AEBn. Jaialdia ekainaren 29tik uztailaren 10era egingo dute, Washingtonen.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak eta Unai Rementeria, Ramiro Gonzalez eta Markel Olano Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek, hurrenez hurren, ekimenaren helburuak eta xehetasunak aurkeztu dituzte prentsaurrekoan, Barakaldon (Bizkaia), Bilbao Exhibition Centren (BEC). Enpresak elkarlanean arituko dira ekainaren 27tik 30era AEBn.
“Basque Country gisa nazioartean zabaltzeko estrategian, herri bezala nola ikusten gaituzten erabakigarria da”, adierazi du Tapiak, eta AEBn “Euskadiren lehiakortasun kasua” ikertzen urteak daramatzatela goraipatu du sailburuak. Bisita “mundu osora zabaltzeko baliatu behar dugu”, erantsi du.
Nazioarteko esparruan, “euskal enpresek atzerrira ateratzeko zein inbertitzaileak eta enpresak Euskadira erakartzeko politikak” bultzatzearen aldeko apustua egin du Tapiak.
Sailburuak nabarmendu duenez, “azken bi urteetan Euskadi 27 enpresa erakartzeko gai izan da, 150 milioi bat euroko inbertsioa egin du, eta ia 800 lanpostu sortzea eta 1.200 enplegu mantentzea lortu du”.
Enpresa hauek bidaliko dute ordezkaritza ekitaldi horretara: Ingeteam, Arteche, Ormazabal, ZIV, AEG, Indra, Tecnalia, Merytronic, IK4 Ikerlan, Tubacex, Tubos Reunidos, Fundigex, Vicinay, ABC, Indar, Lointek, Danobat, Ega master, Matz Erreka, Bilboko Portua, Gestamp, CIE Automotive, Mondragon Automozioa, Petronor, Iberdrola, Sapa, Berge, Toro y Betolaza, Telefonica, Gamesa, Sener, Aernnova, Energia Clusterra eta ACICAE (Euskadiko Automobilgintzako Clusterra).