Ekonomia -
Inbertsioa
Eusko Jaurlaritzak dioenez, inbertsioaren erritmoari eusten dio
Hala erantzun dio Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuak Euskadiko foru-ogasunak biltzen ari diren diruaren jaitsierari buruz Legebiltzarrean egindako galdera bati.
Agentziak | Erredakzioa
Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak gaur azpimarratu duenez, maiatzeko inbertsio-erritmoa eta hile horretarako hitzartutako ekintzak duela urte betekoen adinekoak dira, nahiz eta zerga-bilketa urritu egin den.
Hala erantzun dio sailburuak ostiral honetan Legebiltzarrean egiten ari diren kontrol-saioan Txarli Prieto sozialistak Iñigo Urkullu lehendakariari zuzendutako interpelazioari. Interpelazio horretan Prietok galdetu du ea Gobernuak zer neurri hartu behar dituen aurtengo apirilera arte euskal haziendek bildutako diru kopuruan izandako jaitsieraren aurrean.
Urtarrila eta apirila bitartean, euskal foru-ogasunen diru-bilketa % 0,3 jaitsi da. Izan ere, 3.711,2 milioi bildu dituzte, 2015ean epe berean bildutakoa baino 11,1 milioi gutxiago, Bizkaiko eta Arabako datu negatiboengatik.
Bizkaian diru-bilketak % 2,8 egin du behera, eta, Araban % 4,1; Gipuzkoan, ordea, % 8,2 igo da.
"Gure politika egiten jarraitzen dugu, joan zen urtean osasunean, enpleguan, ekonomia- edo hezkuntza-sustapenean geneukan erritmo berarekin", azpimarratu du sailburuak.
Gogoratu duenez, 2012 eta 2013 urteetan ere jaitsiera egon zen apirilera bitarteko diru-bilketan, baina azkenean urte horiek datu positiboekin bukatu zuten, modu iraunkorrean biltzen diren zergak daudelako, eta beste batzuk, aldiz, hiru hilez behin.
Gatzagaetxebarriak esandakoaren arabera, zergen bilketek eta likidazioek erritmo desberdinak dituzte hiru lurraldeen artean, eta hortik omen dator, besteak beste, Gipuzkoako eta Araba eta Bizkaiko datuen artean dagoen aldea.
Aldi berean, Euskadiko datu txarretan Estatuan izan den diru-bilketaren hondoratzeak ere eragin duela ziurtatu du, "egoera ekonomiko ikaragarriagatik" eta energiaren prezioagatik.
Aipatutako datuak gorabehera, Gatzagaetxebarriak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak eutsi egingo diela bazterketaren aurkako politikei, baita enplegua sustatzekoei, osasunekoei eta hezkuntzakoei.