Ekonomia -
Buñueleko lantegia
General Electriceko langileek Foru Gobernuaren inplikazioa eskatu dute
Buñueleko lantegiaren bideragarritasuna aldarrikatu du Luisa Duarte enpresa-batzordeko presidenteak. “Inbertitzaile posible bat bilatzen ari direla esan digu Barkosek”, adierazi du.
Agentziak | Erredakzioa
Negoziazio prozesua ixteko gutxi falta denean, Nafarroako Gobernuaren “inplikazioa” eskatu du Luisa Duarte General Electriceko enpresa-batzordearen presidenteak. Buñueleko lantegiaren bideragarritasuna aldarrikatu du.
Langileen ordezkariak Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentearekin bildu dira Parlamentuan.
“Gobernuari inplikazioa eskatu diogu, negoziazioa ixteko zorian gaudelako, eta negoziaziorik ez da izan”, kritikatu du Duartek.
“Inbertitzaile posible bat bilatzen ari direla esan digu presidenteak, aukerak daudela, baina behin betiko erantzun bat ematerik ez zuela”, azaldu du beharginen ordezkariak.
Duarteren hitzetan, “zuzendaritzak urtebeteko epea ematea garrantzitsua litzateke; lantegia zabalik mantendu, berrindustrializazio plan bat egin ahal izateko; Gobernua horren alde agertu dago”. “Garrantzitsua litzateke, Gobernuak denbora gehiago izango lukeelako”, erantsi du.
Elkarretaratzea, Nafarroako Parlamentuaren aurrean
Bilera baino lehen, beharginek elkarretaratzea egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean, “Buñueleko lantegiaren bideragarritasuna” defendatzeko.
“Itxierari eta kaleratzeei ezetz esaten diegu, hitzekin kokoteraino gaude, promesik ez, entzun bai, baina ez digute aditzen”, salatu du Duartek. “Txostena ixteko zorian daude eta ez dago negoziaziorik”, gaineratu du.
“Ekonomikoki multinazionala oso kaudimenduna” dela nabarmendu du Duartek. “Laster energia eolikoa berriro” suspertuko dela erantsi du enpresa-batzordeko presidenteak.