Ekonomia -
Lan-gatazka
Amaitu da greba Bizkaibusen
Durangaldean, Hego Uriben eta Arratian lanuzteei eusten zieten Pesalur enpresako langileek sindikatuen eta zuzendaritzaren arteko aurreakordioa babestu dute.
EITB.EUS
Durangaldean, Hego Uriben eta Arratian normaltasunez eskaintzen ari dira dagoeneko Bizkaibuseko zerbitzua. Izan ere, bertan behera geratu dira Pesalur konpainiako (eskualde horietan zerbitzua kudeatzen duen enpresa) langileek hainbat hilabetez egin dituzten lanuzteak. ELA eta UGT sindikatuek aurreakordioa lortu zuten atzo enpresarekin, eta langileek itun hori babestu dute gauerdian.
Lanuzteak bertan behera uzten azkena izan da Pesalur, Bizkaian zerbitzu hori eskaintzen duten gainerako lau enpresek aurretik lortu baitituzte akordioak aurreko hilabetean. Gauerdian bozkatu dute aurreakordioa Pesalur enpresako langileek, eta baietzaren eta ezetzaren arteko aldea oso handia izan ez bada ere, langileen gehiengoak babestu egin du ituna.
ELAk eta UGTk atzo lortu zuten aurreakordioa Pesalur konpainiako zuzendaritzarekin. Itunak bermatu egiten ditu egungo lanpostuak, eta "ateak ixten ditu" langileen kopurua ez murrizteko, sindikatu abertzaleak azaldu duenez.
Ituna hiru urterako da, eta parekatu egiten ditu konpainiaren barruan dauden bi langile motak. Horren ondorioz, TCSAtik heldutako langileei % 6 igoko diete soldata, eta guzti-guztiei % 1, urtebetean. Gainera, lan-erreformaren zenbait artikulu ez ezartzea eta enpresa barruko jarduerak beste enpresa bati ez kontratatzea ere adostu dute.
ELAren esanetan, aurreakordioak argi utzi du aldarrikapenak negoziatzerik badagoela. "Antolatzeak eta langileen mobilizazioek posible egin dute lanpostu guztiak bermatzea eta lan-baldintzak duinak izatea", adierazi dute.
Bizkaibus zerbitzua ematen duten bost enpresetako langileek maiatzaren hasieran abiatu zituzten protestak, ezegonkortasunaren eta lan-baldintzak okertzearen kontra.