Ekonomia -
Nafarroa
Beste modelo bat ekoitziko du Volkswagenek Landabenen
Lantegi horretan lehen aldiz, bi modelo ekoitziko dituzte. 2018tik aurrera izango da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Volkswagenek iragarri du beste modelo bat, bigarrena, ekoitziko duela Landabengo (Iruña) lantegian, 2018tik aurrera.
Lehen aldia izango da Landabengo lantegian bi modelo egingo dituztena, eta hori lehiakortasuna hobetzeko zuzendaritzak eta UGT, CCOO eta CGC sindikatuek martxoan sinatutako akordioari esker izango da.
Francisco Javier Garcia Sanz Volkswagen Taldeak nazioartean duen presidenteordeak esleipenaren berri eman die Luis de Guindos Espainiako Gobernuko jarduneko Ekonomia ministroari eta Uxue Barkos Nafarroako Exekutiboko presidenteari.
"Volkswagen Taldeak berretsi egiten du Espainiarekin duen konpromisoa, herrialde hori giltzarria baita eta izango baita gure konpainiako estrategian", gaineratu du.
Bere aldetik, Emilio Saenz Volkswagenek Nafarroan duen presidenteak adierazi du esleipena errealitate egin den "desio handia" dela.
Azkenik, Alfredo Morales enpresa batzordeko presidenteak esan du albistea "historikoa" dela bai lantegiarentzat, bai Nafarroarentzat.
Volkswagenek Polo familiako zazpi milioi auto ekoitzi ditu Nafarroan, lau modelotakoak.
Iaz, ekoizpena 298.358 autokoa izan zen, eta, horietako % 91, 60 herrialdetara esportatu zituzten.