Ekonomia -
Lan gatazka
Bertan behera utzi dituzte Bizkaibuseko lanuzteak Txorierrin
CCOO eta UGT sindikatuek aurreakordioa lortu dute. Durangaldean oraindik ere greban daude.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
CCOO eta UGT sindikatuek aurreakordioa lortu dute Bizkaibusen zerbitzua Txorierrin kudeatzen duen konpainiako zuzendaritzarekin, eta, horrenbestez, bertan behera utzi dituzte biharko, ostegunerako eta astelehenerako deitutako lanuzteak.
Bizkaibuseko esleipena duten bost enpresetatik, dagoeneko bakarrean, Pesalurren (Durangaldea), ari dira oraindik greba egiten.
EFE agentziak azaldu duenez, CCOOk eta UGTk aurreakordioa lortu dute GAM Txorierri konpainiarekin, eta langileek asteartean bozkatuko dute, asanblean.
Aste honetarako deitutako lanuzteak lau ordukoak ziren: 07:00etatik 11:00etara, eta 17:00etatik 21:00etara.
Durangaldean zerbitzua eskaintzen duen Pesalur konpainian oraindik ere lanuzteak egiten ari dira, eta aldeek negoziatzen jarraitzen dute.
ELAk errefusatu egin du aurreakordioa
Ohar batean, ELAk azaldu du ez duela sinatu aurreakordioa, langileek maiatzaren 24an sinatutakoaren "antzekoa" baita.
Sindikatu abertzalearen iritziz, CCOOk eta UGTk sinatutako aurreakordioa "ez da nahikoa", "hobekuntza eskas" baititu eta lanpostu murrizketen aurkako "blindajerik" ez dakarrelako.
Langileek bozkatu baino lehen lanuzteak bertan behera utzi izana ere kritikatu du ELAk.
Grebak maiatzeko hasieran hasi ziren, zerbitzua kudeatzen duten enpresek "asmoa" baitzuten lan baldintzak "prekarizatzeko".