Ekonomia -
'BREXIT'
'Brexit'ak Erresuma Batua ahulduko lukeela diote Europako enpresariek
Europako pisuzko 51 enpresari batu dira oraingoan 'brexit'aren aurrean Erresuma Batuak eta Europar Batasunak izango lituzketen zailtasunez ohartarazteko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europako pisuzko enpresariek hedabide britainiarretan zabaldu duten txosten batean, ‘brexit’aren arriskuaz ohartarazi nahi izan dute Erresuma Batua.
Erreferendumerako hilabete baino gutxiago falta denean, "The European Round Table of Industrialists"eko 51 enpresa zuzendari batu dira britainiarrei ohartarazpen hau egiteko. Europako industria eta teknologia sektoreko enpresa multinazionalen goi karguek, tartean Shell, Vodafone eta Rolls-Royce enpresetakoak, argi erakutsi dute ekainaren 23an britainiarrek Europar Batasunaren barruan jarraitzeko erabakia hartu beharko luketela.
Enpresari hauen ustez, erreferendumean ‘brexit’ak irabazten badu, atzerapauso bat izango da, izan ere, Europaren batasunak soilik bermatzen ditu inbertsioak eta lanpostuak sortzea.
“Europar Batasuna ahulagoa izango da Erresuma Baturik gabe eta, Erresuma Batua ere, ahulagoa izango da Europar Batasunik gabe”, adierazten dute txostenean.
Maiatzaren hasieran, Erresuma Batuko enpresa garrantzitsuenetako enpresariek ere beste txosten bat sinatu zuten ‘brexit’aren aurka eta, batasunaren alde.