Ekonomia -
Lan gatazka
Jaurlaritzak ez du babestuko Arcelorrek ACB Sestaorako duen plana
Bestalde, langile-batzordeak iragarri du ez duela zuzendaritzarekin negoziatuko, langile kopurua erdira murrizteko eta soldatak jaisteko asmoari eusten badio.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasun sailburuak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak ez duela babestuko Arcelorrek Sestaoko ACB lantegian ezarri nahi duen plana.
“Proposamenaren baldintzak onartezinak dira Jaurlaritzarentzat eta onartezinak dira langileentzat”, azpimarratu du.
Enpresak berriro ireki nahi du lantegia, hilean 10.000 tona ekoizteko, asteburuetan lan eginda, eta, besteak beste, langile kopurua erdira murriztea eta soldatak jaistea proposatu du.
“Bi aldeak prest gaude ahaleginak egiteko fabrikak irekita segitzeko, baina, betiere, etorkizunera begirako ikuspuntutik eta enplegua mantentzeko gutxiengo berme batzuekin, lantegia 2020tik harago zabalik egoteko eta baldintzak egokiak izateko”, azaldu du Tapiak.
“Ezinezkoa da planteatu digutena onartzea. Eta hori Jaurlaritzak dio, baina baita langileek ere”, erantsi du.
Sindikatuek ez dute negoziatuko
Bestalde, langile-batzordeak iragarri du ez duela Arcelorren plan industriala eta soziala negoziatuko, lantegiaren “jarduera bermatzen ez bada” eta egitasmoaren "baldintzak aldatzen ez badira".
Juan Carlos Diaz langile-batzordeko presidenteak esan du plana “onartezina” dela eta konpainiak “zapalgailua” martxan jarri duela salatu du.
Enpresaren proposameneko hainbat puntu onartzen ez dituela esan du, hala nola langile kopurua erdira murriztea, soldatak jaistea edo lan-erregulaziorako txostena berriro negoziatu behar izatea. Malgutasunari dagokionez, berriz, hitz egiteko prest egongo liratekeela adierazi du.
Horrenbestez, zuzendaritzaren plan hori onartuko ez dutela eta, lantegiaren jarduera bermatuta ez dagoen bitartean, negoziatzeari uko egingo diotela berretsi du.