Ekonomia -
Datu ekonomikoak
EAEko BPGa % 3,3 hazi da 2016ko lehen hiruhilekoan
Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu duenez, honakoa "2008tik izandako hiruhileko onena da".
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordina (BPG) % 3,3 hazi da 2016ko lehen hiruhilekoan, betiere iazko epe berarekin alderatuta. Datua Euskal Estatistika Institutuak (Eustat) eman du hiru hilabetean behin jakinarazten dituen kontuetan.
Enplegu mailari dagokionez (lanpostuak lanaldi osoko baliokidetzan neurtuak), urte arteko tasa % 1,9 igo da. 2015eko azken hiruhilekoaren alderatuta, % 0,3 egin du gora.
Aurreko hiruhilekoarekin erkatuta, % 0,8ko hazkundea izan du euskal ekonomiak. Behin behineko datu honek apirilaren 27an Eustatek emandako datu aurreratua baieztatu du. Urte arteko tasari dagokionez, berriz, hamarren bat handiagoa da.
Ekonomiaren hazkundea eraikuntza ez beste sektoreetan izan den gorakadari zor zaio, Eustaten arabera.
Lehen sektorea % 9,3 hazi da, baina aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero, apalago egin du gora. Industria bereziki ondo dabil, bereziki 2015eko bigarren hiruhilekotik.
Eraikuntza sektoreak tasa negatiboak eman ditu oraingo honetan ere, baina beherakada leuntzen ari dela azpimarratu dute Eustateko arduradunek. Zerbitzuetan, 2014ko azken hiruhilekotik, jarduera positiboa eta egonkorra izan da, bereziki Merkataritza, Ostalaritza eta Garraioan, eta Gainerako Zerbitzuetan. Administrazio Publiko, Hezkuntza, Osasungintza eta Gizarte zerbitzuetan hazkundea apalagoa da.
"2008tik izandako hiruhileko onena"
Datuak eskuan, euskal ekonomiaren bilakaera ona nabarmendu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Haren hitzetan, honakoa "2008tik izandako hiruhileko onena izan da".
Erkide Euskadiko Lan Elkarteen Irakaskuntza Kontsumo eta Kreditu Kooperatiben Federazioaren batzarrean izan da Urkullu. Bertan adierazi duenez, "Euskadik joera positiboari eutsi dio".