Ekonomia -
Ipar Euskal Herria
Manifestazio jendetsua egin dute Baionan, lan erreformaren kontra
Goizean, Mugerreko industrialdeko sarrera-irteerak blokeatu dituzte langileek. Tren zerbitzuan eta Biarritzeko aireportuan ere igarri da greba.
Agentziak | Erredakzioa
Zazpigarren greba eguna dute ostegun honetan Frantzian eta Ipar Euskal Herrian Francois Hollanderen gobernuak onartu asmo duen lan erreformaren aurka. Asanblea Nazionalak dekretuz (bozkatu gabe) onartu zuen zirriborroa, eta "inposaketa" horrek "nahitaezko" egin ditu protestak, sindikatuen ustez.
Goizean, manifestazio jendetsua egin dute Baionan, eta herenegun baino jende gehiago atera omen da kalera lan erreforma salatzeko. Antolatzaileen arabera, 1.600 manifestari bildu dira (1.500, Poliziaren arabera).
Horrez gain, goizean goizetik Mugerreko industrialdeko sarrera-irteerak blokeatu dituzte lan erreformaren kontrakoek. 15 enpresa eta 700 langile daude Mugerreko industrialdean, eta posta banaketa ere bertatik abiatzen dute. Hala, gaur ez da zerbitzurik izan. Bestalde, Baiona iparraldean, Aturrira heltzeko errepidean, pilaketak izan dira.
Gainerakoan, abiadura handiko trenen zerbitzuan (TGV) eragin du grebak. Biarritzeko aireportuan ere, Orlyn lur hartu behar zuten bi hegaldik, eta bertatik heldu behar ziren beste bi bertan behera utzi dituzte. Aireportuko webguneak ohartarazi duenez, aire-kontrolatzaileen grebak hegaldi gehiagori eragingo die.
Frantzian, RATP metropoliko garraio eta SNCF tren zerbitzuan zeuden deituta lanuzteak. Azken honetan, asteazkenero eta ostegunero grebak egitea adostu zuten sindikatuek, erreformaren kontra eta lan hitzarmenaren negoziazio baten alde.
Horiez gain, aire-kontrolatzaileen sektoreak ere lanuzteak egin ditu, eta hegaldien % 15 bertan behera utzi dituzte Orlyko aireportuan (Paris).
Polizia auto bat, sutan
Gaurko mobilizazio eguna atzokoaren jarraipena da. Asteazkenekoa bereziki gatazkatsua izan zen. Parisen, polizia auto bati su eman zion manifestari talde batek, auto arruan bi agente zeudela. Gertakaria Saint Martin auzoan jazo zen, Errepublika plazatik gertu. Bertan manifestazioa deitu zuten jendarmeek, lan erreformaren kontrako mobilizazioetan Poliziaren aurka sortu den "gorroto-giroa" salatzeko. Horri erantzunez, kontramanifestazioa deitu zuen beste talde batek, Poliziaren indarkeria salatzeko.
Azken protesta hau debekatuta zegoen arren, 300 bat lagun bildu ziren. Poliziak negarra eragiteko gasa erabili zuen taldea sakabanatzeko, eta 14 lagun atxilotu zituen.
Handik 100 bat metrora, 15 laguneko talde batek polizia auto bat inguratu zuen eta molotov koktel bat jaurti zioten. Ibilgailuak su hartu zuen, bi agente barruan zirela, baina autotik ateratzea lortu zuten biek. Fiskaltzak ikerketa zabaldu du, eta lau lagun atxilotu ditu homizidio saiakera leporatuta.