Ekonomia -
40 urtean lehen aldiz
Etxebizitzen katastro-balioa eguneratuko du Bizkaiak 2017an
Hiriguneetako etxebizitzen gaineko zerga % 0,02 eta % 0,6 artekoa izango da. Hutsik dauden etxebizitzengatik % 50erainoko errekarguak eskatuko dituzte.
agentziak | erredakzioa
Ondasun Higiezinen gaineko Zergari eta katastroari buruzko foru arauak onartu ditu gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkurak. Bizkaiko etxebizitzen katastroko balioak gaurkotuko dira aurrenekoz azken 40 urteetan eta Ondasun Higiezinen gaineko Zerga berri bat ezarriko da Bizkaian 2017tik aurrera.
Katastroko berrikuspenak ondasun higiezinen balioen igoera ekarri du. Foru Aldundiak emandako datuen arabera, orain arteko Bizkaiko hiri-lurreko ondasun higiezinen balioa 16.630 milioi eurokoa bazen, gaur egungo balioa 68.000 milioi eurokoa da, orain arte taxututakoa baino lau aldiz gehiago.
Aurreikusteko modukoa den bezala, katastro-balio berria altuagoa izango da, eta beraz, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga ere altuagoa izango da. Hala ere, indarrean dagoen zerga baino karga-tasa txikiago bat proposatu du Foru Aldundiak, igoera hori konpontzeko.
Ogasun Higiezinen gaineko Zergak konfigurazio berria izango du eta, ondorioz, hiriko eta nekazaritza-guneetako etxebizitzen gutxiengo zerga-tasak “egungoak baino txikiagoak izango dira, katastro-balioa igo egingo delako”, zehaztu du Bizkaiko Diputazioak.
Hiriguneetako etxebizitzen gaineko zerga % 0,02 eta % 0,6 artekoa izango da; nekazaritza-guneetako etxebizitzena, % 0,05 eta % 0,50 artekoa; industria higiezinena % 3koa izango da, gehienez; eta komertzioena, % 2koa.
Gainera, araudi berriarekin, Bizkaiko udalek eskumena izango dute hutsik dauden etxebizitzengatik % 50erainoko errekarguak eskatzeko.